Sañudo: “Bankuek hartutako jokaeraren menpe dago sistema honen funtzionamendua”

Anboto 2017ko ots. 6a, 11:30
Inmaculada Sañudo Ugarte

Zoru-klausularengatik herritarrei zor zaiena eskatzeko bide berria zabaldu da Espainiako Gobernuak onartutako Errege Lege Dekretuagaz. Hala ere, prozedura estrajudizial hau hasi aurretik, “izan litezkeen ondorioak ezagutzeko”, Inmaculada Sañudo abokatuak oso garrantzitsua deritzo aholkularitza eskatzea. Prozedura honek ez du hiru hilabete baino gehiago iraungo.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) sententziaren ondotik zabaldu da bide berri hau. Zer dio horrek?
EBJAk ulertu du, nire ustez egokiro, klausula deusez bada, deuseztasun hori kontratuaren hasieratik ulertu behar dela, eta, horrexegatik, hasieratik itzuli behar dela behar ez bezala kobratutako dirua. Azken finean, EBJAk dio Espainiako Auzitegi Gorenak ezin duela kontsumitzailearen babesa mugatu abusuzko klausula baten aurrean.

Zein aukera zabaldu dizkie zoru-klausulengatik kaltetuei?
Hipoteka sinatu zen unetik, bankuak zoru-klausula jartzeagatik interes gisa behar ez bezala kobratutako dirua bueltatzea eskatu dezakete; kreditu edo mailegu kontratuan interesik baxuena ezartzeagatik soberan kobratutako dirua itzultzea.

Akordioa lortuz gero, epaiketa baten prozesu-kostuak aurreztuko lirateke.
Orain arte, epaitegietan demandak osotasunean baietsi dituzten prozedura judizialetan, bankuak zigortu dituzte prozesu-kostuak ordaintzera. Egia da prozedura honegaz, bankuak eskainitako diruagaz konforme egonez gero, epaiketa-kostuak ordaintzea ekidingo litzatekeela. Baina, Errege Lege Dekretuak dioenez, eskaintza baztertu eta bide judizialera joz gero, bankuak diru gehiago eman beharko balu baino ez lukete zigortuko prozesu-kostuak ordaintzera.

Orduan, zeintzuk dira onurak?
Bankuek arauak zehaztutako hiru hilabeteren barruan erantzuten badute ­—horretara behartuta ez dauden arren—, eta benetan behar ez bezala kobratutako dirua bueltatzen badute — hau da, itzuli behar dutenaren kalkulu zuzena egiten badute—, zoru-klausularen kaltedunak bide judizialera joanda baino arinago berreskuratuko luke dirua. Hala ere, bankuek hartutako jokaeraren menpe dago sistema honen funtzionamendua. Gainera, auzia hiru hilean konpontzen ez bada ere, ez dituzte bankuak zigortuko, eta eskainitako diru kopuruak gainbegiratzeko mekanismorik ere ez da jarri.

Bankuen esku utzi dute dirua bueltatu ala ez?
Bai. Bankuek erabakiko dute dirua bueltatzea eskaini ala ez; eta zenbatekoa ere bai. Horregatik, Errege Lege Dekretua guztiz eskasa da, eta hori aplikatzeak teorian helburu duenaren kontrakoa eragin dezake. Izan ere, erreklamazioa eginda bankuaren eskaintzarik lortu ezean, kaltetuak demanda jartzeko denbora atzeratu baino ez luke egingo.

Dirua itzuli ezean epaitegietara joateko aukera dago?
Aurretiazko erreklamazioa borondatezkoa da, baina, behin bide hori hartzea erabakita, honako lau kasuetan egin daiteke: bankuak erreklamazioa ukatzen badu; hiru hilean bankuaren erantzunik jaso ezean; bankuaren kalkuluagaz edo eskaintzagaz bat ez bagatoz; eta, kexa jarri zenetik hiru hileren barruan bankuak dirua eman ez badu. Ezingo da auzitegietara jo prozesu estrajudiziala tramitean baldin badago.

Hipoteka bernegoziatzeko aukera ere eman dezakete?
Errege Lege Dekretuak “neurri konpentsatzaileak”hartzeko aukera jasotzen du. Beraz, akordioa lortuz gero, zoru-klausulagatiko zorra dirutan barik kredituaren zati bat amortizatuta edo bestelako konpentsazio era bat erabilita kitatu daiteke. Beti ere bezeroa ados badago. Baina, oso komenigarria da ezer sinatu aurretik aholkua eskatzea.

Hipoteka ordainduta badago ere egin daiteke eskaria?
Bai. Zoru-klausularen deuseztasun absolutua alegatuz gero, ez dago eperik zehaztuta erreklamazioa egiteko. Aldiz, kaltetuaren adostasunaren akats bat izan dela alegatzen den kasuetan lau urteko epea legoke, hipoteka ordaintzen amaitzen den momentutik.

Eta zer gertatuko litzake enpresen kasuan?
EBJAren sententziak kontsumitzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulekin zerikusia duten datuak aztertu ditu. Enpresek hipoteka maileguetako zoru-klausulak baliogabetzea gura badute, demanda aurkeztu beharko dute.

Asko joan dira galdetzera?
Bai. Bankuaren eskaintza jaso ondoren, zer egin dezakeen arduratzen du gehien bezeroa. Eskainitako dirua zuzena den ala ez jakin gura dute. Durangaldean kaltetu asko daude, egoera desberdinetan. Batzuek bankuagaz negoziatu dute; eta, beste batzuek demanda jarri.

Zein da azken horien egoera?
Kasu kasukoa da. Etorkizunean zoru-klausula ez jartzeko, behar ez bezala kobratutako dirua itzultzeari uko egin zioten batzuek, edo bankuak inposatutako beste baldintza batzuk onartu. Akordio horietako batzuk deuseztzat jo daitezke ­—epaile batek onartu ez bazuen—. Hortik aurrera, dirua itzultzea lortu daiteke, baina, erreklamazio judiziala jarri behar da. Aldiz, hipotekaren hasieratik zor zaiena itzultzea eskatuz demanda jarri zutenek, eta epaileak 2013ko maiatzetik aurrerako diru kantitateak bakarrik onartu zizkietenek, itxaron egin beharko dute epaitegiek zer ebazten duten. Ematen du zail izango dutela, euren kasua epaitua dagoelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!