Iberdrolari milioi bat euro ordaintzen dizkio udalak, eta EH Bilduk berriztagarrien alde egin gura du

Anboto 2017ko urt. 20a, 14:39

Urtarrileko osoko bilkuran energia elektrikoagaz lotutako mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk. Prentsaurrekoan aurreratu du proposamena. "Harriturik eta haserre ikusten ari gara nola azken egunotan, neguko egunik hotzenetan, argindarraren prezioa gora egiten dabilen etengabe. Herritar batzuek ezin dute berogailua ordaindu", esan du Aritz Bravok.

Iberdrolak milioi bat euro baino gehiago jasotzen ditu Durangoko ditu publikotik, faroletara edota eraikinetara argindarra eramatearren. Udalak energia guztia enpresa horregaz kontratatu duela esan du koalizioak, eta ordainetan "inolako gutxieneko etikorik exijitu barik". Horrez ordez, energia elektrikoaren zerbitzua lehiaketara ateratzea proposatu du EH Bilduk; bere arabera, orain arte ez da lehiara atera, eta hori "modu alegalean" dagoela uste du.

Lizitaziorako hiru ezaugarri ipini ditu proposamenean. Lehena, energiaren %100 berriztagarria izatea. Bigarrena, enpresak potentzia aztertzea, kontsumoaren beharretara egokitzen den edo ez ikusteko. Hirugarrena, enpresak arreta pertsonalizatua eta berbaldiak ematea herritarrei.

Dani Maeztuk azaldu du energia berriztagarrien aldeko plataforma bat sortuta dagoela, eta Busturia, EA edota Artea lako herrietan eredu hori ezartzen hasi direla. Zerbitzua emateko, Goiener eta Som Energia kooperatibak ipini ditu adibide lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!