Christine Etchevers artistaren kartelak iragarriko du 51. Durangoko Azoka

Itsaso Esteban 2016ko urr. 26a, 13:05

Durangoko Azokaren 51. ediziorako 36 egun falta diren honetan, Durangoko Arte eta Historia Museoan aurkeztu dute, gaur, azoka iragartzeko Christine Etchevers artistak egin duen kartela. Abenduaren 2tik 6ra, Bizitzekoa DA! leloagaz burutuko den Azokara gerturatzeko gonbitea egin dute antolatzaile eta babesleek.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, Ana Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara Zuzendariak eta Cristika Uriarte Kultura sailburuak hartu dute aurkezpenean berba. Iazko 50. urteurren borobilaren arrakastaren ondoren, aurtengoa Durangoko Azokaren etorkizunerako erronka berezia dela azpimarratu dute ordezkari guztiek.

670.000 euroko aurrekontuagaz antolatu du Gerediaga Elkarteak (iaz baino %10 gutxiago). Nerea Mujikak azpimarratu duenez, "aurrekontu handiagoagaz gauza asko egin genitzaken arren, daukagun aurrekontua gure eredua mantentzeko adina da", eta pozik dago Gerediaga Elkartea. Ildo horretatik, Azokaren 51. edizio honetan transmititu gura duten ideia azaldu du Mujikak: "Gazteei, nagusiei, haurrei, euskaldun berriei, zaharrei, eta euskal hiztunak ez direnei ere etortzeko eta Azoka bizitzeko eskatu nahi diegu".

Lehenengoz, Ipar Euskal Herriko artista batek egindako kartelak iragarriko du, aurten, Durangoko Azoka: Christine Etchevers (1953, Baiona) margolariaren obra koloretsuak. Artistak azaldu duenez, "Durangoko berotasuna eta pasioa" islatu gura izan ditu bere kartelean. Gaurko aurkezpenean aurreratu dutenez, bestalde, azaroaren 17tik urtarrilera arte, Durangoko Museoan ipiniko dute Etcheversen lanaren erakusketa.

Iparraldeari leku berezia

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, aurten hamar urte betetzen dira Gerediagak eta Euskal Kultur Erakundeak hitzarmena sinatu zutela, eta urteurren horren harira, presentzia nabarmena izango du Ipar Euskal Herriko sorkuntzak, 51. Durangoko Azokan: "Ipar Euskal Herriko eskaintza inoiz baino zabalagoa izango da: 30 ekitalditik gora izango ditugu, teknologiari, zinemari, zabalkundeari, literaturari, musikari zein arte eszenikoei lotuta".

Ikasleen Eguna

Azken urteetan bezala, ikasleei zuzenduriko egunagaz hasiko da Durangoko Azoka, baina ohikoa baino lehenago, aurten: abenduaren 2an, hain zuzen ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, Ikasleen Eguna laneguna izan beharrak eragin du Azokaren data aurreratzea. Aurreratu dutenez, gainera, inoizko izen-emate kopuru handiena izan dute Ikasle Egunerako, aurten: 6000 ikaslek egingo dute, abenduaren 2an, Durangoko Azokara bisita. Izan ere, Mujikaren berbetan, "51 urte izan arren, itxura gaztea du" Azokak.

Gerediaga Elkartearen presidenteak gaurko aurkezpenean aurreratu duenez, datozen asteetan aurkeztuko dute Durangoko Azokako gune bakoitzaren egitarau zehatza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!