Mozorroa jantzita, sanfausto luzeei amaiera ematen hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Markel Onaindia Txabarri 2016ko urr. 21a, 13:10
Joan zen domekan txupinazo txikirako kalejira egin zuten Patxikotxugaz.

Duela aste eta erdi hasi ziren Durangoko jaiak, eta gezurra badirudi ere, oraindik asteburu bete-betea falta da aurretik. Durangarrak eta inguruetako jaizaleak mozorroa jantzita ibiliko dira bihar, sanfausto luze hauei amaiera ematen hasteko.

Izan ere, hain arrakastatsua izaten den Mozorro Eguna ospatuko dute bihar Durangon. 11:00etan haurrentzako mozorro tailerra egongo da Andra Marian, eta 13:00etan ere umeak izango dira protagonista, desfilean. Eguneko ekitaldi garrantzitsu bat, eta duela gutxi berreskuratu dutena, 18:30ean etorriko da, taldekako mozorro desfilea, hain zuzen ere. Amaieran sari banaketa egingo dute partaideen artean.

Bestelako ekitaldien artean, 12:00etan patata tortilla txapelketa jokatuko dute Landako Gunean, eta eguerdian elkartasun bazkaria egongo da txosnetan. Gaua Nueva Alaska taldeagaz –Andra Marian– eta Luhartzen erromeriagaz –Pinondon– amaituko da.

Domekan, osasuna
Zapatuan parranda egin ostean, domekan osasunari begiratzea tokatzen da. Batzuek kirola egingo dute, eta beste batzuek Ingurumenaren Eguna lez izendatutakoa aprobetxatuko dute munduaren osasunaz arduratzeko.

Goizez eta arratsaldez, birziklatutako jolasak eskainiko dituzte Ezkurdin, eta 11:30ean Bizikletaren jaia hasiko da Andra Marian. Familiako plana bidegorritik burutuko dute, eta mendi bizikletako ibilbide bat ere prest egongo da 10 eta 14 urte artekoentzat. Jaiak amaitzeko, Txosnagunean Lumi taldearen kontzertua iragarri dute, 18:00etarako; Patxikotxuri agur esateko, 19:30ean kalejira irtengo da udaletxetik, tren kotxetegi zaharretaraino.

Udaltzainen esku hartzea
Udaltzaingoaren gertakarien berri eman du udalak, eta lehen asteburuan 6 bider esku hartu behar izan dute. Domeka goizaldean borroka bi jazo ziren Alde Zaharrean, eta zauritu bi Galdakaoko ospitalera eraman zituzten; bati botila bategaz kolpea eman zioten buruan.

Gainera, lagun bati alkoholemia-proban positibo ematea egotzi zioten, eta beste bati drogak edukitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!