“Azokan badago militantzia eredu bat, ludikoa, jaiari lotutakoa”

Aitziber Basauri 2016ko urr. 18a, 09:28
Argazkipress

Durangoko Azokako bisitariari buruzko ikerketa kuantitatiboa egin zuten iazko azokan Deustuko Unibertsitateak, Siadeco ikerketa enpresak eta Gerediaga elkarteak. 50 urte bete zituen Durangoko Azokak iaz, eta 100.000 bisitari izan zituen. Haietariko 915 elkarrizketatu zituzten, abenduaren 6tik 8ra. Ateratako erretratu zehatz horri buruz jardun dugu Xabier Landabidea ikerlari eta irakasleagaz.

Azokako bisitarien erradiografia egin duzue. Batez beste 37 urte ditu, eta emakumezkoak %54 dira.
Bai, jakinda ez dela guztiz definitiboa edo estatikoa izango, eta bisitari gisa oso desberdinak garela. Hurbilketa sistematiko eta orokorgarria egin gura genuen, eta orain badakigu, adibidez, bisitarien artean emakumeak gehiago direla gizonak baino. Zabalagoa den Durangoko Azokaren balio inmateriala ikerketaren laugarren zatia da ikerketa hau. Aurretik, Azoka eta jaialdien mapa eta Adierazle mapa egin genituen, eta profil oso desberdinak hartuta, ikerketa guztiz kualitatiboa ere bai.

Zein da, beraz, Azokako bisitariaren eredua?
Batez ere, emakumea izango litzake, baina, gizona ere bai;  batez ere gaztea, baina baita nagusia ere. Nahiko kontraesankorra da hori, baina, ezin daiteke esan bisitari prototipo bat dagoenik, mota askotakoak ditugu. Dena den, egia da, orokorrean, emakumea dela eta ikasketa maila altuduna—Euskal Herriko batez bestekoa baino altuagoa—. Gizartearen batezbestekoa baino askoz euskaldunagoa da eta, oro har, gizartean baino gehiago egiten du lan administrazio publikoan. Bestalde, ia erdia bizkaitarra da. 10 bisitaritik bi Bilbo aldetik datoz, eta harrigarria egin zaigun datua da hori. 200.000 bisitari izango balitu, 40.000 Bilbo ingurutik etorriko lirateke.

Azokara behin etorri dena berriro bueltatu da. 10etik zazpi ohiko bisitariak dira?
Hala da. 16-29 urteko adin tartean, batez beste, zazpi Azokatara etorri dira, iazkoa barne. Datu ikaragarria da. Batez beste, 13,6 bider etorri dira 30-45 urteko adin-tartean; eta, 45 urtetik gorakoen artean, batez bete, 20 Azokatara etorri direla diote. Asistentzia aldetik, fidelizazio maila ikaragarria da. Elkarrizketatutako 915 pertsonen artean, batez beste, 13 Azokatara —iazkoa barne— etorri direla esan daiteke. Ohiko bisitariak ditu, batez ere, Durangoko Azokak, oso gutxi dira behin bakarrik etorritakoak.

Adin tartekako banaketa hori oso pozgarritzat jo du Gerediagak, publiko gaztea delako Azokak duena.
Bai. Helduak gehiago dira— 30-45 urte artekoak %39 dira—, baina, 16-29 urte arteko gazteak %34,2 dira; eta 16 urtetik beherako gaztetxoak aintzat hartzen baditugu, Azokako bisitaria oso gaztea dela esan genezake. Esan behar da 16 urtetik beherakoak ez ditugula elkarrizketatu. Demografikoki hitz eginda, Azokak jende gaztearentzat erreferentegune izatea lortu du, modu askotara, gainera (eskolakoekin, gurasoekin, lagunekin... datoz). Ikusten da transmizio bat eman dela.

Etorkizuna bermatu dezake?
Hori da ez dakiguna. Une bateko argazki bat dugu, hurbilpen bat. Kontua da ea adin horretakoek barneratuta duten Azoka, edo uneko arrakastaren araberakoa den. Etorkizuna ez dago bermatuta, baina, hori posible egiteko baldintza batzuk jarri edo lortu dira.

Durangoko Azoka bisitatzen duten 10 pertsonatik 9 euskaldunak dira. Hori ere adierazgarria da.
Oso esanguratsua. Euskara etxetik jaso dutenak bisitarien %50 dira; jatorrizko elebidunak %12, eta euskaldunberriak %25. Hau da, bisitarien %97 da euskalduna. Aldiz, ia euskaldunak %5,7 dira, eta erdaldunak %2,2. Horretan agerikoak dira adin tarteen arteko desberdintasunak. Adibidez, ia euskaldunak askoz gehiago dira 45 urtetik gorakoen artean, 30etik beherakoen artean baino. Hala ere, argi ikusten da Durangoko Azokak apurtu egiten duela, nolabait, ohiko joera, eta egun horietan Durangon batzen den  jendea euskal hiztuna dela. Ez daude Durangon euskal hiztun guztiak, baina asko pasatzen dira bertatik. Oso arraroa da hori. Ez da ohikoa, adibidez, gaelikoz hitz egiten duen %10 herri batetik pasatzea jai handi bat dagoelako. Portzentajea altua da, eta bada lorpen bat.  

Azokaren funtzio sinbolikoa eta soziala baloratzen ditu bisitariak. Zertan datza hori?
Jendearen egiteez aparte, zergatiez jakin guran, Azokara etortzeko motiboez galdetuta, euskara eta euskal kultura bultzatzeko nahia, egite horretan disfrutatzea eta Azokari babesa ematea izan dira nabarmen azaldutako arrazoiak. Badago hor militantzia eredu bat, ludikoa, jaiari lotutakoa; adin-tarte desberdinetan, gainera. Bestalde, euskal kulturan betetako funtzioaz galdetzean, sortzaileekiko elkartasuna eta babesa erakusten dituzte bisitariek, eta administrazioak gehiago lagundu beharko lukeela diote. Erakusleiho funtzio horri lotuta eragiten diela onartu dute.

Kultura kontsumoa ere aztertu duzue. Irla bat da Azoka?
Adinaren eta momentuaren arabera kontsumitzen da, baina, batez beste, 65 euro gastatzen dira Azokan. Horrek ondorio positibo bat duela onartzen da, gainera. Ohikoagaz etetea suposatzen du Azokak: badago halako karnabal izaera bat. Normaltasunagaz eten, eta bestela jokatzen dugu. Horrek ospatzeko eta kezkatzeko arrazoiak erakusten ditu: poztekoa da jai horrek denboran irautea, eta indarragaz, baina, bizi den egoera anormala erakusten du: euskarazko ekoizpenak dituen zailtasunak, eta industriak bost eguneko oasi honetara heltzeko duen beharra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!