Bizikleten lapurretak bikoiztu eta gero, aparkalekuen segurtasuna hobetuko du Durangoko Udalak

Anboto 2016ko ira. 27a, 19:58

Bizikleten lapurreta kopurua bikoiztu egin da Durangon, iazko datuekin alderatuz gero. Horregatik, bizikleten aparkalekuetan segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko ditu udalak. EH Bilduk aurkeztutako mozioa ia aho batez onartu da bilkuran, PPren abstentzioa kenduta, eta orain, udaleko batzordean aztertuko dute segurtasuna hobetzeko zein sistema erabili.

Gaur egun, aisialdirako zein garraiorako erabiltzen da bizikleta Durangon. Bertako garraioen %7,5 bueltan bizikletaz egiten da, eta 11 kilometroko bidegorri sarea eraikita dago.

EH Bilduren arabera, “herritarren partaidetzari eta kontzientziazioari esker”, kaleetan gero eta bizikleta gehiago ikusten da, eta lapurreten gorakada “ondorio iluna” dela uste du. Hori dela eta, bizikletaren erabilera babesteko neurriak behar direla dio koalizioak.

Bestalde, bizikletaren erabilerak ingurumenaren arloan daukan garrantzia nabarmendu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!