Gotzone Barandika: "Gutxieneko kultura zientifikoagaz gure erabakiak hobeak izango dira"

Anboto 2016ko ira. 24a, 10:00
Gotzone Barandika (Kimikaria eta kimika ez-organikoko irakaslea EHUn)

Hiru bertsolari —M.Lujanbio, B.Gaztelumendi eta J.Uria— eta lau zientzialari —Gotzone Barandika kimikaria, Patxi Juaristi soziologoa, Onintze Salazar metereologoa eta Felix Zubia medikua— batuko ditu ‘Jakinduriek mundue erreko dau’ jardunaldiak, gaur, 18:00etan, Bizkaia Aretoan (Bilbo). Zientzia eta bertsoa eskua emanda ariko dira.

‘Jakinduriek mundue erreko dau’. Horrela izango da?
Ez dakit, ba! Jakinduria batzen dugu buruan, eta ez dakigu horregaz guztiagaz zer egin. Hori dena, nolabait, plazaratu beharra daukagu. Horrela ulertzen dut nik esamolde hori.

Zein da iaz lehenengoz eratu zen ekimen honen helburua?
Kultura zientifikoa zabaltzea du helburu EHUko Kultura Zientifikorako Katedrak, eta, horretarako, bestelako formatu berriak lantzen ari dira, ohiko hitzaldi aspergarri horietatik kanpo. Horietako bat da hau.

Zientzia aspergarria den iritzia oso zabalduta dago?
Baiezkoan nago. Baliteke izatea gure hizkuntza mailagaitik, eta, gure artean komunikatzeko edo harremanak izateko dugun ohituragatik, ez dugulako ahaleginik egiten gure ezaguera jendearen artean zabaltzeko, hedatzeko. Egia da ere, horretarako foro gutxi daudela. Eskatzen digutenean egiten dugu, batzuok behintzat. Gure egunerokoan arruntak diren ekuazioak arrotzak dira publiko zabalarentzat, eta ez dakigu zenbaterainoko aspergarria izan daitekeen esandakoa. Beraz, gogoeta egin behar dugu horretaz guztiaz, eta ahalegin handia eskatzen du horrek. Erabat egokitu behar dugu diskurtsoa; pentsaera ere bai. Bestearen lekuan jartzen saiatu behar dugu, eta entretenigarria izan behar da. Ezin da beti tonu irmo hori erabili.

Hiru bertsolarik eta lau zientzialarik jardungo duzue.
Bakoitzak bere arloa landuko du, eta gaiak guk proposatutakoak dira. Materiaren zientzian ari naiz ni, eta arlo horretan punta-puntakoa den material porotsuen ikerketa izango dut hizpide, ‘Kimikariak: nanoarkitektoak’ hitzaldian. Gaia oso modu sinplean azaltzen saiatuko naiz, eta gizartearen ardura den energia eta ingurumenagaz lotuko dut. Hidrogenoa hartuko dut adibide, dirudienez etorkizuneko erregaia dena. Horren abantaila eta desabantailak azalduko ditut. Gure ikerketa desabantaila horiek ahalik eta gehien ekiditera dago bideratuta. Hamar minutuko saioak dira, arreta ez galtzeko denbora polita da.

Arrotza zaigu zientzia? Aurreiritzi asko ditugu?
Ez dakit aurreiritziak diren, baina, badago zientzialariaren halako irudi bat: Einsteinena, zoratuta dagoen zientzialari horrena; bere munduan sartuta, arraroa, bitxia... Uste dut existitzen dela egia ez den mito hori. Pertsona arruntak gara zientzialariak. Horretan ere badago halako deskonexio puntu bat. Inguruan zientzia arloan dabilen inor ezagutu ezean, baliteke pentsatzea norberaren mundutik kanpo dauden pertsonak direla.

Hori aldatzeko lanean zabiltzate, ezta? Dibulgatiboagoa izan behar du zientziak?
Horretan gabiltza, bai. Kultura katedran badago kezka hori, eta horri aurre egiteko gero eta ekintza gehiago antolatzen dituzte, hainbat formatutan.

Horretarako, oraingoan, bertsolaritza duzue bidelagun.
Jendea erakartzeko estrategia bat izan dela esango nuke. Modu bat da erakusteko zientziari buruz ere egin daitezkeela bertsoak, eguneroko bizitzaren gai bat gehiago izan daitekeela zientzia. Zergaitik ez? Hori da kultura zientifikoa. Zientziaren inguruan badago kultura bat eta, zientziarekiko interesa landu egin daiteke. Ez dugu denok zientzialari izan behar, baina, gutxieneko kultura zientifikoagaz gure erabakiak hobeak izango dira bizitzaren arlorik gehienetan — elikadura, txertoak, arlo psikologikoan...—. Bizitzaren arlo guztietan dago zientzia, gura badugu. Zientziak ez dizu zer erabaki esaten, baina, erabaki hobeak eta demokratikoagoak hartzen dira ikuspuntu zientifikotik.

Komunikazioa ezinbesteko tresna da horretarako?
Nahitaezkoa, bai. Horrelako ekitaldiek jendea erakartzen dute, eta zientzialarien desmitifikazioan lagungarriak dira. Gainera, bakoitzak bere arloan diskurtso polita egitea lortuz gero, nire kasuan, punta-puntako ikerketaren nondik-norakoak transmititzea lortuz gero,  publiko hori hurrengo batean ere etortzea lortu genezake.

Homeopatia, iriologia... zer iritzi duzu honen inguruan?
Ezin ditugu denak zaku berean sartu, ez dira konparagarriak, eta dena da errespetagarria. Hala ere, homeopatia iruzur itzela da. Ez du inolako oinarri zientifikorik. Plazebo eraginari lotuta egoten da homeopatiaren eragina, medikuntza tradizionalak ere onartzen du hori: tratamentu batean konfiantza edo borondate osoa baduzu, funtzionatuko du. Hala ere, eragin terapeutikoa ez dago produktu homeopatikoetan. Nonbait egotekotan, norberarengan dago. Orain badago halako beste korronte bat ere, naturala den guztia ona dela eta bestea txarra dela diona. Kimifobia gero eta handiagoa da.

Kimikari lez zer duzu esateko?
Zientziak ezaguera jartzen du mahai gainean. Hortik abiatuta, gauza onak egin daitezke, edo txarrak. Bizi iraupena asko luzatu da zientziari esker;  gure bizi-kalitatea hobetzeko dago zientzia.

Mito zientifikoak existituko dira, ezta?
Historikoki mito zientifiko asko jausi dira. Hori da zientziaren puntu sendoenetariko bat: auto-zuzenketa. Zientziaren parte bat da. Teorietan du oinarria zientziak, baina, teoria horietako baten kontra zerbait gertatuz gero, dena hankazgora jarri daiteke, eta hori ere bada zientziaren parte bat; oker ibili garela esatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!