Zapatuan Bilboko jaietan eraso sexista sufritutako neska bat ere durangarra da

Anboto 2016ko abu. 30a, 14:58

Dagoeneko lau dira azken astean eraso sexistak sufritu dituzten emakume durangarrak. Izan ere, Durangon gertatutako erasoez aparte, Bilboko jaietan zapatuan jazotako baten biktima durangarra da. Horrela baieztatu du Pilar Rios berdintasun zinegotzi eta alkateordeak.

Zapatu gauez izan zen erasoa, emakume durangarra hiriburuko jaietan zegoela, eta Ertzaintzak atxilotu du jada ustezko erasotzailea. Bestalde, zapatuan ere, beste eraso sexista bat jazo zen Durangon. Gizon batek bere bikotekidea mehatxatu zuen, eta honek salaketa ipini zuen. Urruntze agindua ezarri diote gizonari. Asteburu honetan autobusetik etxera bidean zihoan neskaren kasuari eta joan zen asteburuan tren geltoki inguruan izandako kasuari gehitu behar zaizkio azken bi hauek.

Udalak azken egunotan gertatutako erasoak gaitzetsi ditu, eta protokoloa aktibatu du. "Azaldu nahi dugu berri pozgarria dela guretzat pertsona bat atxilotu izana abuztuaren 21ean izandako erasoaren ostean. Baina azken eraso hauek erakusten duten bezala, lan asko dago aurretik". Azaldu dutenez, "puntu beltz berriak" identifikatzea eta "berdintasunean heztea" beharrezko izango da, erasoak prebenitzeko.

Eguenean elkarretaratzea burutuko da 20:00etan Andra Marian, plataforma feministak deituta, eta udalak bat egin du deialdiagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!