"Pianoa jotzen dut, ez naiz pianista; hatzek ez lidakete hainbesterako emango"

Anboto 2016ko uzt. 25a, 10:00

Ikasle-irakasle harreman horretatik haratago doan “konexioa” lortu du Mila Rodriguezek Izurtzan. Hala dio bere burua pianistatzat ez duen durangar honek. Artista jaio egiten dela uste du berak, “badute halako zerbait jaiotzatikoa dena”.

26 urte egin dituzu Izurtzan pianoa irakasten. Baina, uzteko unea heldu da...
Hala da. Gizarte Integratzaile ikasketak bukatu nituen duela urte batzuk, eta arlo horretan ere ari naiz lanean. Biak bateratzea zaila egiten zait, eta zaila egin zait, baina, erabaki bat hartu beharra nuen. Izurtza herri txikia da, eta aspalditik nekien ez zela luzarorako izango,  lan nahiko ezegonkorra da eta.

Zenbat ikasle izan dituzu?
Ez dakit esaten. 30-40 lagun inguru. Askok ikasketak egiteko utzi egin zuten musika, eta gero bueltatu egin dira. Hasierako urteetan araututako musika eskolak ematen nizkien; azterketarako prestatzen ziren.  Azken urteetan, gustuko dutelako etorri dira pianoa jotzen ikastera.

Musika irakasteko era aldatu da?
Bai. Baliteke kontserbatorioetan desberdina izatea, maila akademikoan egiten dira-eta ikasketak neurri batean. Nik, ostera, musika gustatzen zaielako etorritako ikasleak izan ditut gehiago, eta bakoitzaren erritmoa errespetatu dut beti. Bakoitzak gura zuena, gustuko zuena lantzea gura izan dut; hori bai, beti sartu ditugu pare bat partitura klasiko.

Adin guztietako ikasleak izan dituzu, ezta?
Bai. Lau urteko neskatoa izan dut gazteena eta, helduena, 58 urtekoa. Aurten, lehenengoz, kantu taldea ere sortu dugu: euskal kantak, habanerak, pop-a... abesteko. Hor 60 urteko ikaslea ere izan dut. Nagusiek zurrunagoak dituzte atzamarrak, eta gehiago kostatzen zaie pianoa jotzen ikastea; umeek elastikotasun handia dute.

Urte guztiotako hainbat ikaslek omenaldia egin zizuten...
Bai. Ez nuen espero inondik inora. Sorpresa handia izan zen, eta asko hunkitu nintzen. Negar batean hasi nintzen. Etortzerik izan ez zutenek ere mezu oso politak bidali zizkidaten. Oso atsegingarria da.

Harreman berezia izan duzu?
Bai. Gehienekin ikasle-irakasle hartu-eman horretatik haratago doan harremana izan dut. Oso pozik nago horregatik. Ikasleekin lortutako konexio hori garrantzitsua izan da. Gustura etorri naiz Izurtzara klaseak ematera, lasai, eta inguru atsegin batean aritu naiz.

Zenbat urte musikari lotuta?
Zazpi urtegaz hasi nintzen ni eskolan. Aitak saxofoia jotzen zuen, eta beti egon da musikari oso lotuta. Talde batean ere jo zuen urte askoan.

Pianoa jo duzu beti?
Bai. Hala ere, 16 urtegaz lanean hasi nintzen, eta utzi egin nuen. Pianoak ordu asko eskatzen ditu. Esan behar dut pixka bat nazkatuta ere banengoela: ez nintzen lehenengoan ateratzen zaien horietakoa, baina, bai oso langilea, eta ordu asko sartuta ikasi nuen pianoa jotzen. Ikasle -irakasle harremana ere bestelakoa zen orduan. Pianoa jotzen  ikastera larritasun handiagaz joaten nintzen, ez nuen batere disfrutatu. Hartara, lanean hasi eta guztiz baztertu nuen pianoa, sei urtez hautsa kentzeko ere ez nintzen hurbildu.

Urte batzuetara berriro hartu zenuen.
22 bat urtegaz hartu nuen berriro, sakrifizo handiagaz. Oso gogorra izan zen. Piano ikasketen azken urtean, astelehenetik domekara zortzi ordu egiten nituen egunero.

Oso exijentea da musika?
Instrumentu bat jotzeko, bai. Nik pianoa jotzen dut, baina ez naiz pianista. Hatzek ez lidakete hainbesterako emango. Instrumentu bat jotzen duen profesionalak halako zerbait berezia izan behar duela uste dut.

Artista jaio ala egin egiten da?
Jaio. Baliteke bidean geratzea, denak eskatzen duelako sakrifizioa, orduak ematea. Baina, badute garatu egin behar den halako zerbait jaiotzatikoa dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!