Ertibil erakusketa kolektiboaren geldialdia Durangoko Museoan

Anboto 2016ko uzt. 26a, 10:00

Hogei artista gazteren lana dago ikusgai, martitzenetik, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Tartean, Ertibil erakusketa kolektibo honetarako hautatuak izan diren Durangaldeko Damaris Pan eta Iñigo Garaturen obra bana ere bai. Abuztuaren 14ra arte egingo du erakusketa ibiltari horrek geldialdia Durangon.

Bizkaiko Aldundiak hautaturiko 20 artistaren lanek osatzen dute Durangoko Museoan dagoen bilduma, sariketaren aurtengo deialdian jaso dituzten 109 lanetatik epaimahai batek hautatu dituenak.  

Hirugarren aldia da Damaris Pan mallabiarraren lana Ertibilerako hautatu dutena, eta aurtengo deialdian, 61 x 50 zentimetroko ohialean olioagaz margoturiko koadro bat aurkeztu du. Artistak azaldu duenez, figurazioaren eta abstrakzioaren dikotomia gainditzeko nahia dago koadro horren atzean. Izan ere, Mikel Onandia arte kritikari durangarrak idatziriko erakusketaren katalogoan azaltzen denez, “Damaris Panek ez du margogintza irudikapentzat hartzen, baizik berezko izaera duen kanpoko erreferenterik gabeko arte autonomotzat”.

Bere lana Ertibilerako hautatu dioten lehenengo aldia da, aldiz, Garaturentzat. Teknika mistoagaz egindako Ateak zabalik? eskultura lana aurkeztu du Garatuk, Europar Batasunak errefuxiatuen krisiari eman dion erantzun ezmoral eta legez kontrakoa kritikatzen duena. Onandiaren berbetan, Garaturen pieza, “Europako erakundearen zatiketa estrukturalaren sinboloa da, eta bere migrazio politikaren bi aldeak nabarmentzen ditu, soilik alde batetik igarotzea ahalbidetzen duen marko-leiho gisa”.

2016ko Ertibil erakusketak Durangaldean egingo duen lehenengo geldialdia izango da hori. Bizkaiko beste hainbat herritatik igaro eta gero ere, datorren ikasturtean Durangaldera bueltatuko da erakusketa kolektiboa. Abenduaren 20tik 29ra Elorrioko Iturri kultur etxean egongo da ikusgaidu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!