300.000 euro inbertituko ditu udalak padel eta tenis pistetan

Anboto 2016ko uzt. 19a, 18:59
Argazkia: Luis Iturrioz (@padelzaleak)

Belarra aldatzeko sasoia dela kontuan hartu dute, eta padel eta tenis pisten eremuaren berrantolaketarako aprobetxatuko dute. Egungo beharrizanak ikusita, tenis pìsta bat padelekoa bihurtzea da egitasmoa. 300.000 euroko inbertsioak udalaren lehentasunen inguruko eztabaida azaleratu du.

Hiru tenis pista eta padeleko bi zabaldu zituzten Durangon, baina erabilera ez da aurreikusi lakoa izan. Durango Kirolak erakunde autonomokoen arabera, padelekoek "oso ondo" funtzionatu dute, eta tenisekoek ez hainbeste. Padeleko pistetan, 80 lagun ei dabiltza ikastaroetan, eta ezin dute gehiago hartu, leku faltagatik. Gainera, klubak ere sortu dira, eta eskaria handitu da ondorioz.

Herriaren Eskubidea abstenitu egin da osoko bilkurako bozketan. "Garestia dela uste dugu", esan du Julián Ríosek. Azkenaldian kirol instalazioetan egindako inbertsioak kontuan hartuta, 500.000 euro erabili direla gogoratu du Ríosek. Horren aurrean, "beste gai batzuk lehenetsi" beharra dagoela uste du HEko zinegotziak. Eider Uribek (EH Bildu) esan du inbertsio horretarako "beste une bat" hobe litzatekela, baina alde bozkatu du koalizioak, hauteskunde kanpainan padeleko klubekin hartutako konpromisoengatik. Gainera, pista horiek errentagarriak dira Uriberen iritziz.

Goiztidi Díazek adierazi du bertako kirol taldeekin berba egin dutela, eta "kalitatezko zerbitzuak" ematearen alde agertu da. Pilar Ríos alkateordeak ere (PSE-EE) ideia taldeekin adostutakoa dela nabarmendu du, eta inbertsiorako beharrizana dagoela ere bai. PPko Fran Garatek ere aldeko jarrera agertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!