Storm seikote durangarra, Los Juanma eta Fly Shit protagonista, gaur, Plateruenean

Anboto 2016ko eka. 3a, 13:15
Zebel taldean aritu ziren lau musikarik eta baxu-jotzaile eta biolinista berriek osatzen dute Durangoko Storm seikotea.

Sei euroko sarrera ordainduta, rock musikaren zuzeneko hiru emanaldigaz gozatzeko aukera eskainiko du Durangoko Plateruena kafe antzokiak, gaur.

Bergarako Fly Shit, Berlingo Los Juanma eta Durangoko Storm arituko dira, 22:30ean hasiko den jaialdian. Zebel taldean ibilitako lau kidek, eta proiektu berrira batu zaizkien baxu-jotzaile batek eta biolinista batek osatzen dute Storm talde durangarra. Taldeko bateria-jotzailearen iloba —Ekaitz— leuzemiaz hil zen, eta haren eta gaixotasun hori duten ume guztien omenez konposatu zuten kanta baten izenburua izan zen, hasiera batean, Storm. Hortik dator taldeak hartu duen izena ere.

Seikote gisa orain arte eskaini dituzten kontzertu guztietan “umeek bezala gozatu” dutela diote Storm taldeko kideek, baina Plateruenekoa berezia izango delakoan daude. Izan ere, Berlinen Los Juanma taldea osatu duen Lolo MPB kide ohi eta lagunagaz elkartuko dira berriro. “Ilusio handia egiten digu, aspaldi ikusi bako lagun zaharrekin elkartuko garelako”, diote batetik. Bestalde, Platerueneko baliabide teknikoekin aritzea ere “oparia” dela diote.

Storm-eko lau kidek Zebel taldean egiten zutenagaz alderatuta, badago aldaketarik proiektu berri honetan: “Doinu metaleroetatik aldendu egin gara apur bat”, diote, “eta ukitu melodikoagoak dauzkaten kantak egiten hasi gara”.

Platerueneko gaurko kontzertua baino haratago begiratuta, lehenengo diskoa Berrizko Lorentzo Records estudioan grabatzea darabil Storm taldeak buruan. Urtebete eman dute lokalean, grabatuko dituzten kanta horien sorreran euren “energia eta ilusio guztia” ematen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!