Piknik musikal bategaz hasiko da kaleko kultur egitaraua, Durangon

Anboto 2016ko eka. 1a, 17:00

Areto barruko programazioa amaituta, San Agustin kulturgunearen eskutik, kaleko arteen txanda izango da, ekainaren 19tik uztailaren 22ra, Durangon. Gaur aurkeztu dute AEBetako New Orleansekoen estiloko “piknik musikal” bategaz hasiko den XVI. Uda Kalean Bizi programazioa. Bederazi kale ikuskizun dakartza, egitarau horrek, guztira.

Bederatzi kultur emanaldi jasotzen ditu gaur aurkeztu duten kultur egitarauak. Durangoko hainbat plaza eta lorategitan izango dira programazio horrek dakartzan lau musika emanaldiak, bi antzezlanak, eta zirku eta dantza ikuskizunak.

"Piknik musikala", Tabiran

Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako hiru taldek eskainiko duten musika ekitaldi berritzaile bategaz hasiko da egitaraua, ekainaren 19an. AEBetako New Orleans hirian egiten dituztenen moduko “piknik musikala” antolatu dute. Honakoa da proposamena: Tabiran elkartzea, eta musikaz eta dantzaz gozatuz bazkaltzea.

Broken Brothers Brass Band, Musika eskolako Marching Band taldea eta Bart Sax arituko dira, 12:00etatik 18:30era luzatuko den hitzordu hori swing doinuz eta erritmo afrikarrekin betetzen. Durangoko musika eskolan sorturiko talde horiekin batera, Gasteizko Savoy Swing Up elkarteak ere parte hartuko du hitzordu horretan. Swing dantzari buruzko tailerra eskainiko dute, 12:00etatik 13:30era, eta swingaren historiari buruzko berbaldia, 16:00etan.

Amaia Urzainkiren kantaldia

Bestalde, Bartolome Ertzillako kantu ikaslea izandako beste musikari baten emanaldia ere programatu dute aurtengo Uda Kalean Bizi egitarauaren barruan. Uztailaren 14an, 20:00etan, Kurutzesantu museoko lorategian Amaia Urzainki durangarrak kantatuko du. Frantziako kantagintzako errepertorioa eskainiko du.

Markeliñeren 'Crusoe' berria

Antzerkiaren arloan, Zornotzako Markeliñerena izango da Durangoko udako kultur programazio honetako Durangaldeko sortzaileen beste ekarpen bat. Uztailaren 1ean, Crusoe obra berria aurkeztuko dute, 19:00etan, musika eskolako parkean.

Azpimarraturiko Durangaldeko sortzaileen hiru emanaldi horiek ezezik, Estatuko eta nazioarteko beste zazpi kultur proposamen ere jasotzen ditu, ekain eta uztailerako, Durangoko Uda Kalean bizi pogramazioak.

 

Hauxek dira beste ikuskizun horiek:

· Ekainaren 28an, 20:00etan, Santa Ana plazan, Piedmont East Bay abesbatza

· Uztailaren 1ean, 19:00etan, Musika eskolako parkean, Markeliñeren 'Crusoe' antzezlana

· Uztailaren 7an, 21:30ean, Andra Mari elizpean, Marino e Marini taldearen kontzertua

· Uztailaren 9an, 20:00etan, Ezkurdi parkean, Maintomano taldearen zirko ikuskizuna

· Uztailaren 14an, 20:00etan, Kurutzesantu Museoan, Amaia Urzainkiren kantaldia

· Uztailaren 17an, 20:00etan, Musika eskolako parkean, Bocinegro Down Home taldearen kontzertua

· Uztailaren 22an, 22:00etan, Musika eskolako parkean, Carlo Mo & Mr. Di clownen emanaldia

· Uztailaren 23an, 20:00etan, Santa Ana plazan, Durangon Folk (Durangoko Kriskitin eta Mazedoniako Orce Nikolov taldeen dantza emanaldiak)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!