"Gezurrak eta zinismoa" erabiltzea egotzi dizkio Durangoko gobernuak Herriaren Eskubideari

Anboto 2016ko mai. 27a, 14:23

EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak agerraldia egin du gaur, Herriaren Eskubideak joan zen astean egindako adierazpenak baloratzeko. Aurrekontuaren inguruko bilkuran "EAJk irain eta mehatxuekin" eraso egin ziola salatu zuen HEk.

Gobernu taldeak esan du HEren adierazpenak "salaketa larriak" direla. "Gezur horien aurrean ezin gara isilik geratu", azaldu du Aitziber Irigoras alkateak. Gainera, erasoa beste norabidean izan dela uste du Irigorasek: "Errealitatearen desitxuraketa izan da. Erasotzailea biktima lez agertu da".

Herriaren Eskubideak, "gardentasun eta proiektu falta" salatu zituen bilkuran, eta "kontratuak hatzamarragaz" egitea ere bai, besteak beste. Baina, Irigorasek esan du gobernu taldetik ez dutela legez kanpoko ezer egin. Bestalde, "zinismoa" iruditu zaie partaidetza falta kritikatu izana; Amankomunazgoko gobernuan HE dago EH Bildugaz batera, eta Durangoko gobernu taldekoek uste dute HEkoek salatu dutena egin dutela han: "Amankomunazgoko aurrekontuan ez da parte-hartzerik egon", adierazi du Pilar Ríos alkateordeak.

Horrez aparte, alkateak azaldu du HEk ez zuela negoziaziorako berba egin gura izan, eta batzarrera Julián Ríos ez agertzea kritikatu du, zerrendaburua eta liberatua dena lan erdian. Irigorasek gogoratu du liberatu bien artean 55.000 euro kobratzen dituztela, alderdi guztien moduan. "Desberdintasuna da eurek gainerakoena kritikatu dutela publikoki".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!