Geu Beko hiru kide, Athleticen 'fitxaketa' berriak

Anboto 2016ko mai. 27a, 09:51

Futbol 8 Inklusiboko I. Txapelketa jokatuko da asteburuan Valentzian, eta Athletic ordezkatzen Durangaldeko hiru lagun egongo dira: Saioa Ortiz, Aitor Alberdi eta Asier Villanueva. Nora Ordoñez ere joan da espedizioan, begirale lez.

Geu Be elkarteak futbol egokituko liga jokatzen du denboraldian zehar, eta asteburu honetan, taldeko hiru kidek Athleticeko kamiseta janzteko aukera edukiko dute. Eurekin, Gorabide, Uribe Kosta eta Bizkaiko Down Sindromearen Fundazioko partaideak egongo dira talde zurigorrian. Athleticek zenbait programa garatu ohi ditu urtean zehar elkarte horiekin, eta hortik dator taldearen osaketa.

Finala, domekan
Txapelketa inklusibo honetan askotariko adimen ezintasunak hartzen dira kontuan, eta genero aldetik mistoa da. Athleticek txapelketaren antolatzaile den Levanteren aurka hasiko du txapelketa, gaur, 10:30ean. 16:00etan Mallorcaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta bihar, Espanyolen kontra, 11:00etan. Finala domekan jokatuko da.

Joan zen astean hasi ziren txapelketa prestatzen, eta Lezaman entrenamendua egin zuten batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!