Jose Julián Bakedano: “Atsegina da bizi guztian zehar egin duzun lanagatik esker ona agertzen dizutela ikustea”

Anboto 2016ko mai. 26a, 15:30

Jose Julián Bakedanoren (Durango, 1948) filmeen inguruko zikloa burutu dute Bilboko Azkuna zentroan. Zinegile durangarraren bi dokumental emango dituzte, gaur, zikloa amaitzeko: Nestor Basterretxea. Una declaración eskainiko dute, 17:30ean; eta Lendakari. La lucha del Pueblo Vasco por su libertad, 20:00etan. Ziklo horren eta bere ibilbidearen inguruan dihardu, elkarrizketa honetan, Bakedanok.

Zure lanaren inguruko zikloan parte hartzeak zelako sentipenak eragin dizkizu?
Oso sentsazio onak eduki ditut. Unibertsitateko bost lagunen eskutik omenaldi oso polita jaso nuen: nire obrari eta aktibista kultural moduan egin dudan lanari buruz berba egin zuten, eta ondoren, niri buruz Victor Iriartek egin zuen film laburra eman zuten. 130 lagun elkartu ginen. Globo batean bezala egon naiz: atsegina da bizi guztian zehar egin duzun lanagatik esker ona agertzen dizutela ikustea.

Asko dira 130 lagun.
Bai, horrela da, baina egia da, baita ere, publiko guztia 40 edo 50 urtetik gorakoa zela. Ez zait gustatzen hori, baina errealitate bat da gazteak gero eta gutxiago joaten direla zinemara. Oraingoz izen gabe eta La carta del amigo, adibidez, gazteentzat eginda daude, ez nagusientzat.

Zikloko filmeen hautaketan parte hartu duzu zeuk ere?
Bai, aholkua eskatu didate, eta eman egin diet. Edozelan ere, ez dut lan bat ere kanpoan utzi. Izan ere, nire lanetako batzuen masterrak desagertuta daude. Beraz, nire obratik ikusi daitekeen dena dago zikloan.

Zeintzuk aukeratu dituzue?
Hautaturiko batzuk artearen inguruko filmak dira: Ikuska 9; Chillida: retrato en casa, eta Nagel. Beste batzuk fikziozko lanak dira: nire hasieretako zinema esperimentalaren erakusle diren Bi eta Bost, Oraingoz izen gabe, eta La carta del amigo. Dokumentalak ere emango dituzte: Basterretxea, una declaración eta Agirre Lehendakariarena.

Bere sasoian film hauek ikusteko nahikoa aukera egon zen?
Bai, Oraingoz izen gabe, esaterako, Durangoko Kurutziaga zineman estreinatu genuen, 1986an, eta Euskadiko hainbat herritan ere eman zuten gero. Arrakasta handia eduki zuen. Baina 47 minutu irauten du filmak, eta zirkuitu komertzialetik kanpo geratu zen horregatik.

Zer duzu gustukoago, fikzioa ala dokumentalak lantzea?
Fikzioa, aktoreak zuzentzea da gehien gustatzen zaidana. Oso gauza polita iruditzen zait. Baina, fikzioa garestiagoa da.

Eta dokumentalen sorkuntzak zer eman dizu?
Ezagutza handia, batez ere. Izan ere, arteari buruz egin ditudan dokumentaletan, artea publikoarentzat ulergarri egiteko esfortzu handia egin dut.

Zure ibilbidean zehar zailtasun asko izan duzu proiektuak aurrera ateratzeko?
Zailtasun finantzieroak izan ditut, bai. Baina Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Kultura Ministerioaren diru-laguntzak ere jaso izan ditut hainbat proiektu gauzatzeko. Hala ere, hain zuzen, finantzabide falta dela-eta gauzatu ezin izan ditudan lau proiektu luze dauzkat: Aquella maldita espada en el crisol, De Gernika a Nueva York pasando por Berlín, Noche en Reno eta Atxagaren ipuin batean oinarrituriko Ana y Martin gemelos. Aukera badago, gura nuke proiektu horiek gauzatzea.

Duela bi urte jubilatu zinen, baina, itxura batean, ez duzu laneko erritmoa gutxitu.
Arte Ederren Museoan jubilatu nintzen, bai. Baina martxan jarraitzen dut orain ere: lau erakusketa antolatu ditut azken urtean Durangoko Museoan, beste bat Rekalde aretoan, bi dokumental egiteko proiektua ere badut eskuartean... Egunean zazpi orduz egiten dut lan, etxean, musika klasikoa entzunez.

Zer panorama ikusten duzu zinemaren arloan? Joaten al zara zinemara?
Zinemagile gazteentzat oraindik ere nahiko zaila da egoera, alde ekonomikotik: film mota batzuk egiteko baliabide asko behar da, eta ez da erraza bitarteko ekonomikoak lortzea. Joaten naiz zinemara, bai: azken aldian, adibidez, Espías en el cielo eta Trumbo ikusi ditut. Euskal Herrian egindakoetatik, A Escondidas eta Ander eta biok asko gustatu zaizkit.

Zein da zinemaren egoera hobetzeko ikusten duzun bidea?
Gauza asko egin behar lirateke, baina, labur esateko, Frantziako eredua hartzea ondo legokeela uste dut: zinemagintzan inbertitzen duten sozietate pribatuak dauzkate han. Filma arrakastatsua bada, euren irabaziak dituzte inbertsore horiek, eta galerak egonez gero, aldiz, Estatua egiten da galdutakoaren kargu. Horrez gainera, diru-laguntza gehiago eta murrizketa gutxiago behar dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!