Lau musika talde elkartuko ditu Durango Metal Fest jaialdiak, Plateruenean

Anboto 2016ko mai. 26a, 14:00
Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Metal doinuak jotzen dituzten Durangaldeko bi musika talderen, eta Bizkaiko beste bi talderen zuzenekoak hartuko ditu Durangoko Plateruenak, zapatuan. Alerta, Hora 13, Insomnio eta Atlantida taldeenak.

Aurretik Damu Dot, Raxfer, The Kraven edo Biok taldeetan ibilitako lau musikarik sortu zuten Hora 13 talde durangarra. Ángel Etxebarria, Unai García, Xabi Fernández eta Erlantz Eizmendi musikariek osatzen dute talde hori, eta iaz kaleratu zuten Anocheció lehenengo diskoko kantak aurkeztuko dituzte Durangoko Kafe Antzokiko maiatzaren 28ko jaialdian.

Alerta taldeko durangarrek, bestalde, iazko martxoan argitaratu zuten Seguimos creyendo diskoko kantak joko dituzte Durangoko jaialdi metaleroan. Iazko udaberrian ere, disko horretako kantak aurkezteko kontzertua eskaini zuten taldekideek, Plateruenean. Ordutik, taldekideek azaldu dutenez, aurreko urteetako intentsitate mailarik barik, martxa lasaiagoan ibili dira azken hileotan. Besteak beste, bertsioen pot-pourri bat prestatzen lokaletik atera barik denbora asko egon eta gero, Platerueneko biharko kontzertuan Seguimos creyendo diskoko kantak joz ondo pasatzea dute helburu.

Metal musikaren barruko soinu desberdinek izango dute oihartzuna Durangoko Platerueneko biharko hitzorduan. Durangoko Alerta eta Hora 13 taldeekin, urte askoko esperientzia duten Insomnio taldeko ermuarrek eta Atlantida hirukote bilbotarrak ere joko dute. Euren disko berriak aurkeztera etorriko dira talde bi horiek ere Plateruenera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!