Ertibil erakusketarako hautatu dituzte Iñigo Garatu eta Damaris Pan artisten lanak

Anboto 2016ko mai. 19a, 11:30

Iñigo Garatu (Iurreta, 1990) eta Damaris Pan (Mallabia, 1983) Durangaldeko sortzaileen lanak hautatu dituzte Ertibil erakusketa ibiltarirako.

Bizkaiko Aldundiak antolatzen duen Ertibil erakusketa ibiltariaren parte izateko hautatu dituzte Damaris Pan eta Iñigo Garatu Durangaldeko artisten lanak. Amaia Garciak jaso du 2016ko Ertibil lehiaketako lehenengo saria, Irantzu Yaldeberek bigarrena eta Helena Goñik hirugarrena, baina hiru saridun horien lanekin batera, beste 17 artistaren obra ere aukeratu dute erakusketa ibiltariaren bilduma osatzeko. Bizkaiko hogei artista gazteren artelan bana jasotzen du Ertibil erakusketak, aurten: sariketaren deialdian jaso zituzten 109 lanetatik epaimahaiak hautatu dituen hogeiak, hain zuzen ere.

Hirugarren aldia da Damaris Panen (Mallabia, 1983) lana Ertibil erakusketarako hautatzen dutena. Tamaina txikiko mihisean olioagaz margoturiko koadro bat da, aurten, Damaris Panek Ertibilen erakusten duena. Mallabiko artistak azaldu duenez, “figurazioaren eta abstrakzioaren arteko dikotomia gainditzeko” bere ibilbidean zehar egin duen saiakera dago artelan horren atzean ere. Ertibilerako hautatu dioten lan hau, egilearen berbetan, “ez da ez figurazioa, ezta abstrakzioa ere”. Izan ere, Mallabiko artistak azpimarratu duenez, “errepresentazioaren konbentzioen artean” bere bide propioa urratu gura du: “Berez direnaz aparte beste esanahirik ez duten sorkuntzak burutu gura ditut”.

Iñigo Garatuk (Iurreta, 1990), bestalde, Ateak zabalik? lana aurkeztu du Ertibil erakusketa ibiltarirako. Europar Batasunak errefuxiatuen krisiari eman dion erantzun ezmoral eta legez kontrakoa kritikatzen du Garatuk bere eskultura lan horregaz. Bosgarren aldia izan da Iñigo Garatuk Bizkaiko Aldundiaren deialdi honetara bere lana aurkeztu duena, eta oso pozik agertu da “azkenean” ailegatu delako bere momentua.

Bilboko Rekalde aretoan egingo du Ertibil 2016 erakusketak lehenengo geldialdia, eta abenduaren 29ra arte, Bizkaiko beste hainbat herritan egongo da ikusgai. Uztailaren 19tik abuztuaren 14ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta abenduaren 20tik 29ra, Elorrion egongo da ikusgai.

Mikel Onandia arte kritikari durangarrak idatziriko testuekin osatu dute Ertibil erakusketaren aurtengo katalogoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!