Geoff Farina: "Denbora asko eman dut bakarkako kontzertuetarako prestatzen"

Anboto 2016ko mai. 13a, 13:00

Domekan, 13:00etan, kontzertu akustikoa eskainiko du Geoff Farina musikari estatubatuarrak, Durangoko Plateruenean. 90eko hamarkadan Karate taldeko kidea izan zen, baina Durangora bere gitarragaz bakarrik etorriko da.

Eguerdian arituko zara Plateruenean. Ohituta al zaude halako orduetan jotzera?
Egunez izaten dira Chicagon egiten ditudan hainbat emanaldi: bakarkako gitarra emanaldiak izaten dira gehienetan, eta 20ko eta 30eko hamarkadetako kanten errepertorioa eskaintzen dut.

Zer kanta joko dituzu domekan Durangon?
Wishes of the Death nire bakarkako laneko kanta batzuk eskainiko ditut, eta baita kanta irlandar batzuk eta AEBetako country musikaren ale batzuk ere. Gainera, Pierre Bensusan eta Norman Blake gitarristen moldaketa batzuk ere eskainiko ditut.

The Secret Stars eta Karate taldeekin urte luzetan eta arrakasta handiz jo ostean, zelan bizi duzu bakarkakoa?
Bi emanaldi motak ditut gustuko, baina bakarrik aritzea erronka berezia da. Gitarra da bakarkako emanaldira ondoen moldatzen den instrumentuetako bat (pianoagaz eta harpagaz), eta bakarkako emanaldietarako prestatzeko, asko ikasi dut gitarrista handiengandik: denbora asko eman dut bakarkako kontzertuetarako prestatzen.

Zure bakarkako ikuskizunak ba al du antzik taldeekin egiten zenuenarekin?
Ez gehiegi... Saiatzen naiz gauza biak ez nahasten. Kontzertuetan jendeak eskatzen dit Karateren kantak jotzea, baina, orain, bakarka eskaintzeko prestatutako kantak jo gura ditut.

Exit Verse taldeagaz diskoa kaleratu ostean, kanta berri gehiago sortu dituzu?
Bai, urte honen amaieran kaleratuko dudan Grant No Glory diskorako kantak sortzen ibili naiz azken aldian. Bestalde, bakarkako kanta berri batzuk ere badauzkat eskuartean, eta horiek ere grabatzen hasteko asmoa daukat aurten.

Euskal Herrian egona zara lehenago.
Bai, sarritan jo izan dut Euskal Herrian. Maite dut hemengo paisaia, hemengo mendixka berdeak eta eguraldia. Solasaldi interesgarriak izan ditut sarritan hemengo jende jatorragaz.  

Europan zehar bira luzea egingo duzu, uztailera arte. Baduzu lekuak ezagutzeko astirik?  
Bira ekonomikoki bideragarria izateko, egunero eskaini behar dut kontzertu bat. Beraz, ez dut astirik lekuak bisitatzeko. Kasu honetan, Madrilen nagoela, izango dut denbora libre gehiago, eta lehenengoz, hango museoak bisitatzeko asmoa dut.

Chicagoko Whistler tabernan musikari egoiliarra izan zara hainbat urtez. Zelakoak dira hango emanaldiak?
Azken aldian ez dut sarritan jo han, baina hiru urtean ibili naiz, bariku iluntzero, bi orduko bakarkako gitarra emanaldia eskaintzen. Batez ere, 1920 eta 1960. urteen arteko kantak jo izan ditut steel gitarragaz. Maite dut musika zaharra ikasi eta jotzea, eta horretarako aukera izan dira emanaldi horiek.

Musikaren historia irakasten duzu Chicagoko unibertsitatean. Zure klaseek eta kontzertuek ba al dute antzik?
Ez askorik, egia esan! Edozelan ere, oholtzan zein klasean, funtsa duten gauza zirraragarriak egiten saiatzen naiz!

Zer asmo daukazu datorren ikasturteari begira?
Bira amaitzean, udan, nire hurrengo klaseak prestatu behar ditut. Bestalde, ikasturte berrian, Exit Verse taldeagaz ere bira abiatzea espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!