Jukebox Ekahitza: Arte diziplina desberdinetako sortzaileen zuzeneko saioa

Anboto 2016ko mai. 9a, 11:00
Argazkia: Iban Gorriti.

Maiatzaren 12an, 20:00etan, hasiko da Durangoko Platerueneko Jukebox Ekahitza sorkuntza saioa. Paddy Rekalderen poesia, Arkaitz Cayado Itsuaren musika, eta Oier Flores ilustratzailearen eta parte hartu gura duten artista plastikoen lana uztartzetik sortuko da performance-a.

Datorren eguenekoa ez da Plateruenean Jukebox Ekahitza izeneko saio hau egingo duten lehen aldia: abenduan egin zuten lehenengoz.

Itsua musikariak azaldu duenez, bigarren honetan ere, bere musikagaz giro berezia sortzen saiatuko da, eta giro horretan irakurriko ditu Paddy Rekaldek bere poemak.

Musikak eta Rekalderen berbek iradokitakoan oinarrituz, momentuan margolanak sortzera gonbidatuko dituzte artista plastikoak. Oier Flores ilustratzaileak dinamizatuko du saioa, eta parte hartu gura duen edonork izango du aukera bere ekarpena egiteko: artelanak sortzeko materiala eskura izango dute parte hartu gura duten guztiek.

Saioa ikustera joan gura duenak, berriz, musikaren, literaturaren eta margogintzaren sorkuntza prozesuak zuzenean eta gertutik ikusteko aukera izango du Plateruenean.  

Arte diziplina desberdinetan diharduten artistak elkartzeko helburuagaz abiaturiko proiektua da Jukebox Ekahitza. Izan ere, Itsua musikariak azpimarratu duenez, “Durangaldean maila oso oneko sortzaileak daude, baina elkar ezagutu eta elkarregaz jarduteko lekuak eta erraztasunak” falta dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!