Durangoren etorkizuna mahai gainean ipiniko dute, plan orokorra diseinatzeko foroetan

Anboto 2016ko mai. 2a, 09:55

Hiri Antolaketarako Plan Orokorra (HAPO) lantzen hasi dira Durangon, herritarren eta eragileen partaidetzagaz. Aste honetarako hiru foro deitu dituzte.

Joan zen barikuan egin zuten lehen foroa, arlo ekonomikoari bideratutakoa, hain zuzen ere. Bihar, martitzena, foro soziala egingo dute, herriko elkarteak gonbidatuta; eguaztenean auzo elkarteen txanda izango da, eta eguenean, herritarrena (guztiak Landako Elkartegian, 18:30ean). Maiatzaren 12an, udaleko ordezkari eta teknikariak, elkarteetako kideak edota enpresariak batuko dira foro estrategikoan.

Sektorez sektore batuta, Durangoko beharrizanen inguruko diagnostiko bat osatzea da helburua. Gero, udalak datozen urteetan hirigintza ikuspegitik jarraitu beharreko irizpideak ezarriko dituzte. Hainbat dira aztertu beharreko arloak: Etxebizitza; kultura, kirol eta hezkuntza ekipamenduak; espazio libreak; mugikortasuna; hiri eta auzo eredua...

Diagnostiko parte-hartzailerako sortutako webgunean dago eskura informazio guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!