Gorka Fraileri TAC azterketa egin diote, eta medikuaren jarrera salatu du

Anboto 2016ko api. 30a, 13:24

Gorka Fraile preso gaixoari atzo egin zioten TAC azterketa Badajozeko ospitalean. Froga egiteko poliziek eskuburdinak kendu ostean, medikuak berriz ipintzeko eskatu izana salatu du, haren senide Ainhoa Sergiok kontatu duenez. "Jada urduri zegoen aurretik, eta horren eraginez, gehiago urduritu zen froga egitean".

Urtebete da Fraileri minbizia topatu eta ebakuntza egin ziotenetik. Hainbeste hiletan zehar frogarik egin ez izana salatu izan du preso durangarrak, eta azkenean, atzo heldu zitzaion eguna. Ebakuntza egin ziotenean lez, bereganako jarrera salatu du oraingoan ere. Baina, ez poliziaren partetik, medikuaren aldetik baizik. Eskuburdinak ipinita egin behar izan zuen azterketa.

TAC azterketaren emaitzak pare bat astera etor daitezke, Sergiok esan duenez. Orduan jakingo da Fraile ondo dagoen, edo minbizia berpizitu zaion.

Bestalde, Fraileren aldeko plataformak azaldu du epaileak ukatu egin diola Euskal Herrira hurreratzeko egindako eskaera, "asistentzia ona" eta baldintzak bermatuta dituela arrazoituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!