Asunción Altunak irabazi du Durango Nissan Gaursa Rugby Taldearen autoa

Anboto 2016ko api. 29a, 12:52

Alabak saltzeko zituen DRT-ko zozketaren txartel guztiak erosi zituen Maria Asunción Altunak. Ez zuen erosketa makala egin, txartel-sorta horretan baitzegoen zenbaki saritua.

Semea eta iloba DRT-ko jokalariak ditu Altunak. Ahal duen guztietan errugbi partiduak ikustera joaten dela azaldu du Iurretako kontzesionarioan autoa jasotzeko prentsarren aurrean egindako ekitaldian. Zozketa irabazita errugbiak poztasun handia eman diola begibistakoa da. Kotxea irabazita errugbia "gehiago" gustatzen zaiola esan du txantxetan.

10.000 errifa salgai jarri zituzten eta denak saldu ez dituzten arren kopuru handi batera heldu direla azaldu du Juan Manuel Iriondo 'Txapo' DRT-ko presidenteak. "Taldeko txikienetik handienera, entrenatzaile eta zuzendaritzak, denek hartu dute parte zozketa honetan".

Errugbiak Durangaldean mugitzen duen masa sozialari hiru urterako laguntza eman dio Nissan Gaursak babesle moduan. Jasone Rodriguez Nissan-Gaursako kudeatzaileak azaldu duenez, "ilusio handiagaz hasi gara. Uste dugu ilusio handia sortzen duten ekintzak burutzen ari garela gure inguruan". Gaineratu duenez, "guk geuk zabaldu gura ditugun baloreekin bat egiten du DRT-k. Talde-lana, epe luzerako ahalegina... Era berean aukera bat da Nissan-Gaursa moduan gure burua ezagutzera emateko". 

Tag Errugbia

Durango Rugby Taldekoek bigarren urtez VI.Ikastetxeen Tag Errugbi Topaketa antolatuko dute errugbia elkartasunezko ekintza batekin lotuz. Izan ere, batutako guztia Rio de Oro ekimenaren esku jarriko dute. Gaixotasunen bat duten ume sahararrekin lanean diharduen Rio de oro Durango elkarteari elkartasun bultzada emateko asmoa dute. Horretarako, topaketan parte hartuko duen ume zein gazte bakoitzeko Nissan Gaursak, Durango Rugby Taldeko babesle nagusiak, euro bat emango du. Iaz 1200 parte-hartzaile izan ziren, beraz, aurten helburu hori gainditzea espero dute.

30. urteurrena

Aurten 30. urteurrena ospatuko du Durango Rugby Taldeak. 2016-2017 denboraldian hiru hamarkada beteko ditu talde durangarrak. Gaur egun, ikastetxeetan egiten duten lanari esker 3.000 ume inguruk errubgia ezagutzen dute. DRT-ren errugbi eskolan berriz 72 jokalarik dihardute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!