Antzerkigile gazteen ikasturteko lanaren emaitza, San Agustinen

Anboto 2016ko api. 28a, 17:00

Zugan Ni programazioaren barruan antzerkigintzara gerturatzeko aukera izan duten 13 eta 18 urte arteko gazteek ikasturte honetan landutakoa oholtzaratuko dute, apirilaren 30ean, Durangoko San Agustin kulturgunean. Zugan Ni ekimenaren aurtengo edizioan, hainbat herritan sortu dituzten gazteen zazpi antzerki taldeetatik bost arituko dira San Agustineko emanaldian.

Durangoko emanaldiaren ostean, beste hiru antzerki emanaldi egingo dituzte Zugan Ni ekimenean parte hartu duten antzergikile gazteek Durangaldean; maiatzaren 5ean, 19:00etan, Iurretako kultur etxean arituko dira; maiatzaren 6an, 19:00etan, Igorren; eta maiatzaren 8an, 17:00etan, Zornotza Aretoan. Antzerkia bultzatzeko sorturiko ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, bere herrian eta eskualdeko beste herri batean arituko da talde bakoitza.

Zornotzako Markeliñe antzerki taldeak sorturiko proiektua da Zugan Ni, eta, arduradunek azaldu dutenez, gazteen zazpi antzerki talde sortu dituzte aurten, proiektu horri lotuta: Durangon, Zornotzan eta Igorren bina talde sortu dira, eta beste bat Iurretan. Durango, Iurreta, Igorre eta Zornotzako 70 gaztek parte hartu dute arte eszenikoen sorkuntza prozesu bat hurretik ezagutzeko aukera eskaintzen duen Zugan Ni ekimenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!