‘Antropía’ erakusketa ipini du Urtzi Cantok Durangon

Anboto 2016ko api. 26a, 08:55

Urtzi Canto (Bilbo,1984) artistaren lanak beteko du, apiril bukaerara arte, Durangoko Museoa.

Durangoko Arte eta Historia Museoan dago Urtzi Canto artista bilbotarraren Antropía erakusketa. Apirilaren 1ean zabaldu zuen, eta 30era arte egongo da artista gaztearen lana ikusteko aukera, Durangon. Arte Ederrak ikasi zuen Cantok, argazkigintzan espezializatuz, eta, besteak beste, arlo horretan burutzen duen lanaren erakusle da Durangoko bere bilduma.  

Erretratuak dira erakusketako 16 argazkiak, 60x90 zentimetroko neurrikoak. Egilearen berbetan, ikuspuntu antropologiko eta paisajistikotik landutako irudiak dira Antropía proiektu honetakoak. Egilearen berbetan, “gainazaletik sakonera, erretratuaren esentziara” zaramatzate erakusketako argazki analogikoek.

Bilbao Arte fundazioak aurten eman duen produkzio beka jaso du Urtzi Cantok. 228 proposamen jaso dituzte diru-laguntza deialdi horretan, eta beraien proiektua gauzatzen laguntzeko aukeratu dituzten 30 artistetako bat da Urtzi Canto. Beste hiru kidegaz aurkeztu duen egitasmoa da Bilbao Arte fundazioak hautatu duenetariko bat.

Inpresioaren arloko ikasketak ere burutu zituen Urtzi Cantok, eta Bizkaiko Arkeologi Museoko piezen erregistroa egiten ere egin izan du lan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!