Dantzaren nazioarteko eguna ospatzeko egun osoko plana, zapaturako

Anboto 2016ko api. 21a, 09:00

Apirilaren 23an Dantzaren nazioarteko eguna ospatzeko L'Atelier dantza eskolak Durangoko Udalaren babesagaz prestatu duten egitaraua aurkeztu dute, Oiane Azkonizaga dantza eskolako arduradunak eta Mari Jose Balier zinegotziak.

Seigarren urtea da dantzaren nazioarteko egunagaz bat eginda programazioa prestatzen dutena Durangon, eta egun osorako plana prestatu dute aurten ere; 10:30ean, umeentzako tailerrekin hasi eta 21:00ak aldera arte luzatuko da jaia. Ballet klasikoa zein dantza modernoko askotariko estiloak dantzatuko dituzte, Landakogunean eta Sanagustinalden.

Oiane Azkonizaga L'Atelier eskolako arduradunak aurreratu duenez, 300 dantzarik parte hartuko dute zapatuan Durangon eskainiko dituzten askotariko dantza erakustaldian: 3 urteko ikasleetatik hasi, eta dantzazale helduetaraino. "Gure egunerokoan dantzaren arloan egiten dugu lana kalera atera, eta herritar guztiek goza dezaten eskaintzea da programazioaren helburua", Azkonizagaren berbetan.

Hain zuzen ere, orain 10 urte dantza eskola martxan ipini zutenetik L'Atelierrek Durangon dantza bultzatu eta ezagutzera emateko egin duen lana goraipatu du Mari Jose Balier zinegotziak.

Programazio osoa:

10:30ean; umeentzako tailerrak, Landakogunean.

11:30ean; Tronperri, Txoritxu Alai eta L'Atelier Balletaren emanaldia, Landakogunean.

12:30ean; Dantzarien kalejira, Landakogunetik San Agustinalderaino.

13:00etan, Ballet barra emanaldia, L'Aterlier eskolako ikasleen eskutik, Sanagustinalden.

 14:30ean, Bazkaria, Plateruenean.

17:30ean, Gehizazpi biolontxelo taldea, eta Ion Ugarriza eta Paule Maiagarai abeslarien kontzertuak, Landakogunean.

18:00etan; L'Atelier-eko estilo desberdinetako dantza taldeen emanaldiak, Landakogunean.

20:00etan, Break dance, funky, jazz eta ballet estiloen norgehiagoka, DJ-arekin, Landakogunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!