“1500ean Mellaren ideien jarraitzaile izateagatik 40 lagun epaitu zituzten”

Anboto 2016ko api. 17a, 10:00

Durangon 40 pertsonatik gora epaitu zituen Errege Katolikoen Inkisizioak 1500. urtean. XVI. mendeko gertakariok ikertu ditu Ander Berrojalbizek  ‘Los herejes de Amboto’ liburuan. Liburuko dokumentazioagaz osatutako erakusketa dago Durangoko museoan.

Zerk eraman zaitu ‘Los herejes de Amboto’ idaztera?
Beti izan dut historiarekiko eta disidentzia politiko edo erlijiosoarekiko interesa, eta biak uztartzeko aukera eman dit horrek. Europan heretiko talde asko izan ziren; ez horrenbeste, penintsulan. Horien artean, ‘Durangoko Heretikoak’ legez ezagututakoa egon zen. Errepresiorik handiena jasan zuen talde heretikoa Frai Alonso de Mella buru zuena izan zen: talde horretako 70 lagunetik gora erre zituzten,  XV. mendean.

Hala ere, 1500. urtean kokatu duzu zure ikerketa.
Bai. Heretikoei buruz argitaratutakoen iturri eta ondorioen irakurketa kritikoa egin dut. Ikertzeko gertaera gehiago zeudela ikusita, beste era batera interpretatu zitezkeenak, solte zeuden hariei tiraka hasi nintzen. 1500eko gertakariei buruz argitaratu gabeko informazioa zegoela ikusi nuen, eta horretan sakondu dut. Liburuxka izan behar zuen, datu gutxi batzuk nituen-eta. Baina, horiek janzteko informazio bila hasita, uste baino agiri gehiago aurkitu ditut, informazio garratzitsua ematen dutenak. Horrela osatu dut Los herejes de Amboto.

Zein izan duzu abiapuntua?
Jakin badakigu, XIX. mendetik, inkisizioa Durangon egon zela 1500. urtean. Orduan ere, Durangon heretikoak epaitu zituztela jaso zuen Menendez Pelayok heretikoei buruzko bere ikerketan. Hori datarik ez zuen eta Anbotoko mendilerroan sorginak erre zituztela zioen beste agiri batekin lotu zuen. Bestalde, Labayruk, Bizkaiko historiari buruz idatzitako liburuan, heretiko izateagatik 1500. urtean epaitutako 24 durangarren izenak ageri diren agiri bat jaso zuen— XVI.en mendekoa, Markinako etxe batean aurkitutakoa— . Luteranoak zirela dio agiriak, baina, Luterok bere erreforma 1516an egin zuela aintzat hartuta, ezin zitekeela izan zioen Labayruk, erratuta zeudela arrazoituz.

Hori ez dela horrela frogatu duzu liburuan?
Agiri horren benetako zentzua  eta garrantzia frogatu dut. Hala ere, XVI. mendeko gertakari hauei buruzko bi iturri horiek genituen, eta, azken urteotan, ikerlari gehienek 1500ean Durangon epaitutakoak sorginak izan zirela proposatu dute. Durangoko heretikoei buruzko liburuetan hori jaso izan da, baina aipamen txiki lez. Horretan sakondu gura izan dut .

Eta idazle bien iturrietan murgildu zara horretarako?
Hala da. Menendez Pelayok erreferentzia txarto eman zuen, eta baliteke horregatik inork aurkitu ez izana Biblioteka Nazionalean egon den testigantza hori. Floranesen —XVIII. mendeko idazlea— eskuizkribuetan topatutako testigantza horrek datu esanguratsuak ematen ditu: 1500ean 40 lagun epaitu zituen Durangon inkisizioak. Horietatik 11 hil zituzten —hamar emakume eta gizonezko  bat—. Hilda zeuden beste bederatzi pertsona ere epaitu zituzten, eta bizirik zeudenekin erre. Kontua da, heretikoak izanik, ez zutela eskubiderik hilerrian egoteko, eta gorpuak aurkituz gero, lurpetik atera egiten zituzten.

Bizi zirenekin erretzen ziren?
Bai, errautsak aireratu egiten zituzten. Agirian ematen den auto-fedearen data 1500eko abuztuaren 18koa da. Seguruenik oholtza bat jarriko zuten Andra Marian, eta prozesioan ekarriko zituzten epaitu guztiak, denak euren ‘sambenito’arekin (izena, egotzitako arrazoia... zuten jarrita). Andra Marian sententziak irakurriko ziren. Elizak ez zituen hiltzen. Kondenatuak elizatik kanporatzen zituen: erlaxatuak bihurtuz. Gero, autoritate zibilak hartu, eta erre egiten zituen.

Labayruk aipatutako agiritik ere egin duzu tira, ezta?
Bilboko biblioteka pribatu batean topatu dut agiria: 1500ean Durangon epaitutako 24 durangarren izenak daude: erlaxatuak eta ‘adiskidetuak’ ­—isuna jarri zietenak, kartzelaratuak, erbesteratuak...—.  Zigorra betetzean, berriro onartzen zituen elizak. Ohartu nintzen, sasoi bateko ‘sambenito’en inskripzioekin bat egiten zuela agiriotako informazioa emateko erak.

Hor zegoen gakoa?
1521ean Lutero heretiko izendatu eta gero, eliza edo gizartea erreformatu gura izan zuten kristau guztiak ziren luterano. Heretiko nagusia zen. Uneren batean, inkisizioaren artxiboetatik 1500eko heretikoei buruzko informazioa ere aterako zen, eta horrekin egindako ‘sambenito’ak zintzilikatu ziren Andra Mariko elizan.

Epaituaren, eta familiaren eta oinordekoen lotsarako zintzilikatu egiten ziren ‘sambenito’ak elizetan.
Hala da. Egite hori 1530ean sistematizatu zen arren, badakigu aurretiko epaiketen zerrendekin aurreragoko heretikoen ‘sambenito’ak ere zintzilikatzea eskatu zuela inkisidore nagusiak. Heretiko guztiak zaku berean sartzen zituzten. Beraz, nire ustez, Frai Alonso de Mellaren ideien jarraitzaile izateagatik epaitu zituzten 40 lagun Durangon, 1500ean. Emakume asko ziren Mellaren jarraitzaile. Emakumeen autonomia eta egoera hobea defendatzen zela esan daiteke. Anbotoko heretikoak deitu diet, badirelako zazpi bat iturri, XVI. mendekoak, izen hori aipatzen dutenak; euretako bostek Mellaren jarraitzaile lez izendatzen dituzte.

Errege Katolikoen inkisizioarenak dira epaiketa hauek?
Bai. 1478an sortu zen, eta 1499an Durangora etorri zen tribunalaren inguruko informazioa ere topatu dut Madrileko Artxibo Historiko Nazionalean: epaile, aguazil, fiskal edo soldatei buruzkoa. Epaileetariko bat durangarra zen. Ez genuen hau guztia ezagutzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!