"Horma eraiki da, nekatu eta buelta emango dutelakoan; ez da gertatuko"

Anboto 2016ko api. 8a, 10:40

Gizarte langilea eta gizarte hezitzailea da Itsaso Egia. 2007tik CEARen (Errefuxiatuei laguntzeko Batzordea) dihardu lanean, errefuxiatuei Europan lehenengo pausoak ematen laguntzeko. Gerratik ihesean datorrenari lagundu egin behar zaiola argi dauka, trabak ipini beharrean.

Turkiako Ituna indarrean sartu eta siriarrak Turkiara deportatzen hasi dira. Europak bizkarra eman die asiloa emateko betebeharrei?
Emandako pausoek ez dute laguntzen errefuxiatuak hona heltzeko, ezta asilo eskubidea eskatzeko ere. Trabak baino ez dituzte jartzen, errefuxiatuak han gera daitezen eta bizimodua topa dezaten. Gerratik ihesean datozenei lagundu egin behar diegu, eta ez trabak jarri.

Horren legezkotasuna ezbaian jarri dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Europak aurpegi latzena erakutsi du?
Argi dago Europatik ez garela laguntzen ari. Beste aldera begira gaude. Zenbat eutsiko dioten zain gaude. Errefuxiatuak euren herrialdeetara bueltatu daitezen horma eraiki da, nekatu eta buelta emango dutelakoan. Baina, ez da horrelakorik gertatuko. Izan ere, euren herrialdeetara itzultzea, hiltzera joatea da. Ez dute ihes egin nahi dutelako, besterik barik, edo bizimodu hobe baten bila datozelako, askok uste lez, euren herrialdeetan bizia arriskuan dutelako baino. Derrigortuta daude: ihes egin edo bizia galdu. Laguntzea dagokigu. Zergatik egin duten ihes ikusi beharra dago.

Gatazkaren jatorria zein den?
Gerra hori nola sortu den ikusi behar da, zer dagoen atzean. Herritarrek ezagutzen ez duten funts handiko gatazka politikoa dago. Ikusi gura ez ditugun hainbat interes dago, askotan. Adibidez, kokapen estrategikoa baliabide naturalak ateratzeko. Dirua,  azken finean.

Siria dugu orain ahotan, baina, mundu osoko errefuxiatuekin egiten duzue lan, ezta?
Bai, mundu osoko errefuxiatuak ditugu. Siria dugu gogoan, baina, hainbat lekutan daude gatazkak: Latinoamerikan (Kolonbia, Venezuela...), Eritrean, Kongon, Malin. Sahararrak ere hainbat daude, herrialderik ez dute horiek. Pakistan edo Afganistanetik etorritakoak ere bai.

Hamaika gatazka daude munduan, eta milaka euskal herritarrek ere ezagutu zuten erbestea 36ko gerran. Nola erantzuten  dugu herritarrok?
Hiru urteko mutiko siriarraren irudia, hondartzan hilda, zabaldu eta biharamunean dei piloa jaso genuen laguntza eskaintzeko: arropa, pisuak, umeak etxean hartzeko... herritarrek dena eman zuten laguntzeko. Gainezka egon ginen. Izenak hartu, eta batzarra deitu genuen CEAR zer den eta zertan lagundu zezaketen azaltzeko, besteak beste. Eta, lan horregaz jarraitzen dugu. Oso positiboa izan zen, jende asko etorri zen, eskuzabal, laguntzeko prest. Hala ere, agintariek ere badute beraien erantzukizuna honetan guztian. Eusko Jaurlaritzatik esan ziguten bazirela pisuak eskaintzeko moduan, Alokabideren bidez. Baina, hori guztia oso astiro joan da. Pauso gehiago ematea eskatzen dugu.

Borondate politikoa falta da?
Bai. Oso astiro joan doa dena, arintasuna behar da. Errefuxiatuentzako plaza gehiago ditugu, eta egoera positiboa da. Baina, ia noiz arte irauten duen honek.

Zenbat pisu dituzue orain?
Bilbon izan ditugu, eta, orain, Gasteizen ere baditugu. Donostian ere zabaltzekotan dira. Helburua 100 plaza izatea da; orain sei hile 10 baino ez genituen. Asko zabaldu dira, gutxi batzuk falta dira. Baina, badakigu denbora baterako direla, berriro murriztuko direla. Kontua da oso astiro doala dena. Itxaroten gaude. Grezian dauden errefuxiatuentzako birkokapen programagaz, Eritreako hiru lagun heldu dira hona; herrialde askotako errefuxiatuak daude han.

Zein da zure lana?
Gizarte langile eta hezitzaile lez harrera egiten diet Bilbora heltzean. Asiloa eskatuko duten ez dakite batzuetan. Eskubide hori badutela argitzen diegu, batzuek ez dakite-eta. Europan aurreneko pausoak ematen laguntzen diegu.

Idomeniko kanpamentuan (Grezia) bizitakoa pentsaezina da XXI. mendean?
Bai. Mugak zabaldu behar dira, bide seguruetatik. Mugak ixteak ez dakar ez pasatzea. Beste bideren bat topatuko dute, mafien bidez edo euren bizia arriskatuz. Jaio zaren tokian jaio arren, ez duzu eskubiderik bizimodu hobea topatzeko? Errurik ez duzun gerra baten aurrean ihes egiteko eta laguntza eskatzeko eskubiderik ez duzu? Guk ere gure gerra izan genuenean, lagundu egin ziguten.

Memoria historikoa galdu da?
Baietz uste dut. Beldur gara, eta atentatuen eraginez gaiztotzat hartzen ditugu musulmanak, gure artean ere badela horrelakorik ikusi gabe. Arrazakeria ere ugaritu egin da.

Errefuxiatuak egon dira, daude eta egongo dira?
Orain arteko bideari jarraituta, bai. CEAR existitu behar ez izatea dugu helburu. Errefuxiatuak laguntza eske etortzean hasi ginen lanean, eta nahiago genuke gu behar ez izatea. Horrek esan gurako du ez dagoela errefuxiaturik munduan. Hala ere, gerrak gero eta gehiago dira: ezagunago zein ezezagunago. Sirian bost urtean daude gerran, eta Europa ikutu dutenean ohartu gara. Baina, siriarrak ez dira zuzenean Europara sartu; Jordanian errefuxiatu mordoa dago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!