'Miniature' kongresuan txapeldun geratu dira Kobika jatetxekoak

Anboto 2016ko mar. 4a, 13:49

Goi mailako miniatura-sukaldaritzaren kongresua da 'Miniature', eta Iñigo eta Koldo Kortabitarte anaiek landutako pintxoa onena dela esan dute kongresuko parte-hartzaileek.

Murgian (Araba) ospatu da 'Miniature' kongresuaren edizio berria, eta Kortabitarte anai durangarrak sari eta guzti bueltatu dira handik. Itsaski paellaren esentzia osoa batu dute pintxo baten, eta partaideen dastaketan gustukoena izan da. Bigarren pintxo bat ere aurkeztu dute, kakaozko foie, zanakanela gela eta sagar-ogiagaz egina. Sukaldariek pintxoak azaldu egin dituzte lehenik, eta mahaira eraman gero. Nazioarteko sukaldariek ere parte hartu dute, hala nola, Mexikotik etorritakoek.

Lehen aldiz irabazi dute sari hau Kobikakoek, eta pozik itzuli dira kongresutik. Baina, aurretik beste hainbat sari ere irabazitakoak dira, Bizkaiko edo Euskal Herriko pintxo txapelketetan, besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!