Emakumeenganako biolentziaren aurkako flashmobe-a dantzatuko dute, bihar, Ezkurdin

Anboto 2016ko ots. 13a, 15:29

'Apur itzazu kateak', 'One Billion Rising' kanpainarekin bat eginez Andereak elkarteak emakumeenganako biolentziaren aurkako flashmobe-a antolatuko du. San Valentin egunez mundu osoan irudikatzen duten ekimenerako hitzordua 12:00etan jarri dute, Ezkurdin.

 

Andereak elkarteak azaldu duenez, "mundu guztiko aktibistek, dantzaren bidez erakutsi nahi dugu erasoekiko gorrotoa, eta batez ere, borroka honetan batera gaudela erakutsi nahi dugu. Dantzan egingo dugu iraultzarekin hasteko, biolentziarekin amaitzeko, kontzientzia berri bat sortzeko, non emakumeekiko biolentziak lekurik ez duen". Elkarteko kideek diotenez, "2012ko San Valentin egunean abian jarri zen kanpaina, ekintzarako deialdi gisa hasi zen". Izan ere, estatistiketan biltzen diren datuen arabera planetako 3 emakumetatik batek kolpeak edota bortxaketak  jasaten ditu bizitzan zehar. Otsailero eta martxoaren 8ra arte, One billion rising revolution mugimenduak mobilizazioak eta ekintzak burutuko ditu mundu zabaleko ehundaka herrialdetan baita, herri komunitateetan, "bertako ekintzaleen ahaleginari esker, hain zuzen, emakume eta neskatoen aurkako indarkeria desagertu dadin".

2013an mundu guztiko jendea bildu eta dantzan egin zuen, emakumeek sufritzen dituzten injustiziaren aurrean haserrea adierazteko eta, horren bidez, emakumeen kontrako indarkeriaren amaiera eskatzeko. 2014ko kanpainan inpunitatea eta genero indarkeriaren biktimentzako justizia azpimarratu zituzten. 2015ean honakoak eskatzeko bildu ziren: paradigma aldaketa, kontu ematea eta kontzientzia mota berri bat eraikitzea. 2016ko kanpainaren ardatza emakume marginatuak dira. Helburua berriz, emakume hauen arazoetan arreta jartzea, eta munduko kultura guztietan presente dagoen aginte patriarkal gisako indarkeria amaitzeko energia berri bat sortzea. Andereak elkarteak dioenez, "dantzan egingo dugu iraultzarekin hasteko, biolentziarekin amaitzeko, kontzientzia berri bat sortzeko, non emakumeekiko biolentziak lekurik ez duten".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!