Maria Bazan: "Hamar urtegaz judoa probatu eta 'hauxe da nirea' pentsatu nuen"

Anboto 2016ko ots. 14a, 10:30

Umetan, saskibaloia judoagatik aldatu zuen Maria Bazanek (Durango, 1997). Emakumeen artean saskibaloia kirol nagusia den herrian, erabaki horrek ondo erakusten du judoari dion estimua. Azken urteetan, dominak irabaztera ere ohituta dago Durangoko Judo Taldearen barruan. Euskadin, gaur egun bereak dira brontzezko dominak gazte mailan eta baita nagusietan ere.

Euskadiko txapelketan brontzezko domina irabazi berri duzu gazte mailan. Gustura zaude emaitzagaz?
Hasi aurretxoan, oso ondo sentitzen nintzen. Txapelketa irabazi nezakeela ere sentitzen nuen. Borrokaldietan ere beste hainbeste. Lehenengoan gustura aritu nintzen. Hori bai, irabaztea kostatu zitzaidan, arerioa oso maila onekoa zelako. Aurretik ere irabazia nion, eta banekien maila ona zuela. Bigarren borrokaldia gogorra izan zen. Galdu egin nuen. Hainbat faktore izan ziren borrokaldi horretan. Besteak beste, uste dut epaileek ez zidatela merezi nuen puntuaketa eman.

Testuinguru horretan, zelan baloratzen duzu brontzezko domina?
Ondo baloratzen dut, baina… zelan esan, emaitza hobea lortu nezakeen sentsazioarekin ere utzi ninduen. Uste dut gorago heldu ahal nintzela.

Berezia da zure kasua: Euskadiko txapelketako brontzezko dominaren jabe zara gazteetan zein nagusietan.
Bai, hori da. Nagusietakoa ere orain gutxi irabazi nuen, 63 kiloz azpikoan. Entrenamenduek ondoren bere saria dakartela ikustea beti da pozgarria.

Urte asko daramazu judoa praktikatzen?
Bai, umetatik. Lehenengo, saskibaloian aritu nintzen, Jesuitetan. Egun batean, Maristetara joan ginen nire lehengusua  judoan ikustera, eta bere saioa amaitu zuenean, izekok galdetu zidan ea lehengusuaren kimonoa jantzi eta judoa probatu gura nuen. Baietz esan nion. Probatu, eta gustatu egin zitzaidan. “Hauxe da nirea”, pentsatu nuen. Ezagutu nuen jendea ere atsegina iruditu zitzaidan. Horregatik, saskibaloia utzi eta judoan hasi nintzen. Orduan, hamar bat urte izango nituen.

2013an, Espainiako txapelketa batean finalerdien atarian geratu zinen. Txapelketa azpimarragarria egin zenuen estatuko onenen aurka. Gogoan duzu txapelketa hura?
Bai. Lehenengo borrokaldi biak irabazi, eta bat galdu nuen. Gustura aritu nintzen, eta gomuta oso onak ditut. Ea berriro Espainiakoan parte hartzeko aukerarik daukadan.

Adituek diote junior mailarako saltoa denetan zailena izaten dela. Horrela gertatu zaizu zuri ere?
Igarri dut, baina ez hainbeste ere. Beharbada, bire borrokatzeko estiloak lagundu dit. Nik nire betiko judo mota praktikatzen jarraitzen dut. Judo azkarra egiten saiatzen naiz, eta tatamiaren gainean asko mugitzen den horietakoa naiz.

Beraz, defenditzea baino gurago duzu aurrera egitea?
Teknika bat egiteko aukera ikusten dudanean, probatzea gustatzen zait.

Iñaki Salas da zure irakaslea. Judoan pertsona ezaguna da Durangaldean. Zer aholku ematen dizu?
Batzuetan, ez diodala entzuten esaten dit, eta gehiagotan entzuten ikasi behar dudala (irribarrez). Entzun eta kasu egin behar diodala.

Zelakoa da entrenatzaile moduan?
Irakasle oso ona da. Durangon ezaguna da judoaren alorrean, eta gustura nabil beragaz.
Baina berdina diot nire taldekideengatik ere. Lagun talde bat osatzen dugu, elkarri laguntzen diogu, eta horri balio handia ematen diot. Judoan ematen diren balioak ere gustatzen zaizkit: adiskidetasuna, errespetua…

Iñaki Salasek dio zure bertuteetako bat urteetan zehar entrenatzeko erakutsi duzun konstantzia dela. Ados zaude?
Bai, entrenatzera joatea ez zait kostatzen. Gaixorik banago, azterketak baditut, edota ezin banaiz entrenatzera joan, deseroso sentitzen naiz. Ni gaixorik ere joango nintzateke, baina beti ezin da.

2016 urteari begira, zeintzuk dira zure erronka nagusiak?
Helburu zehatzak baino, gero eta gogorrago eta hobeto entrenatzea nahiko nuke, urrezko dominak irabazteko. Bide horretan saiatuko naiz.

Euskadin?
Euskadin zein edonon. Edozein txapelketa dela ere: urrearen bila!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!