"Argi dugu Gorkak etxean behar duela; berea duen eskubidea aitortu behar zaio"

Anboto 2016ko ots. 12a, 09:00

Larriki gaixo dauden 11 presoen zerrendan dago Gorka Fraile durangarra. Mingainean minbizia sendatzeko ebakuntza egin zioten, ekainean. Orain, ‘Gorka etxera’ plataforma aurkeztu dute. 18 urte egingo ditu kartzelan Frailek. Badajozen dago. ANBOTO plataformako Miski Cruz, Ane Ortuondo eta Saioa Agirregaz batu da asteon.

‘Gorka etxera’ plataforma aurkeztu duzue. Zein da helburua?
Ane Ortuondo: Gorka etxeratzea dugu helburu. Argi dugu gaixotasun larri baten esklabu dela, eta, momentu honetan, espetxeak ez dizkio sendatzeko beharrezko baldintzak ematen. Non hobeto etxean baino? Etxera ekarri behar dugu, berandu baino lehen, gainera.

Ekainean, minbiziari aurre egiteko ebakuntza egin eta gero sortutako ekimena da.
Saioa Agirre: Hala da. Ebakuntzaren ostean izandako ‘impasse’ egoeratik irtenda, Durangon plataforma bat sortzeko premia ikusi genuen. Gorka gaixorik dago, eta ebakuntza ondo joan zen arren, zerbait egitea erabaki genuen. Lehenengo, Ane eta biok elkartu ginen; gero, haren lehengusinagaz, Ainhoagaz. Horrela sortu zen plataforma, txikitik handira. Bizpahiru hile dira hasi ginela, eta gero eta jende gehiago etorri da.
A.O.: Bizkaian badaude plataforma batzuk: ‘Iparra galdu barik’ edo ‘Txus askatu’. Horiek eredu hartuta, Gorkaren lagun batzuk plataforma sortzeko lanean hasi ginen.

Gorka etxeratzeko kanpaina abiatuko duzue. Zertan datza?
A.O.: Esku artean arazo benetan larria dugula azaldu gura diogu herriari. Hortaz jabetzea, eta gaiari denon artean heldu ezean, Gorka etxera ekartzea ez dugula lortuko azaltzea da helburua. Horretarako, interpelazio kanpaina bat abiatuko dugu, hainbat eragilegaz. Gorkari gertatzen zaiona herriak jakitea gura dugu; eskubide bat urratzen zaiola, eta etxean egon behar duela. Herrialde mailan ere lan egingo dugu. Galdakao eta Ondarroagaz batera, hainbat ekimen abiatuko ditugu.
S.A.: Udalagaz eta hainbat eragilegaz harremanetan jarriko gara. Hainbat ekimen abiatuko ditugu herri mailan, Gorkak bizi duen egoeraz informatzeko.

Udalagaz izan duzue lehenengo hartuemanik?
A.O.: Bozeroale Batzordeagaz batu da senide bat, egoeraren berri emateko. Bilera positiboa izan zen. Egoeraz sentsibilitatu eta jabetzea lortu zela uste dugu, baina, egia da bakoitzak bere mugak dituela. Hortik aurrera, helburu zehatzak eskatzen hasiko gara. Alderdi politikoetan sentsibilitate desberdinak daude, baina kontziente dira egoera larria dela. Udalak honetan guztian laguntzea espero dugu.

Zelan dago orain Gorka?
Miski Cruz: Animatuta dago, baina, metastasia sortuko zaion beldurragaz. Minbizia ez da berdin eroaten kartzelan edo etxean: estresagaz, txarto janda, inpotentziagaz, kalean izango lukeen jarraipen medikorik gabe, erietxera irteerak eskuburdinak jarrita eta poliziaz inguratuta egiten ditu... jarraipen mediko duinagaz bizimodu lasaia eraman beharrean. Minbizia berriro sortuko zaion beldurra du.
Jasotako tratu txarra salatu zenuten. Aldatu da egoera?
A.O.: Poliziaren aldetik jaso zuen tratu txarra eta ankerra. Ospitalean eskuburdinekin jarraitzen zuen. Halako baldintzetan ebakuntza ez egitea planteatu zuen. Oso larria izan zen jasotako tratua. Herriaren presioaren ondorioz —instituzioak ere barnebildu genituen— tratua apur bat baretu zen. Orain, baldintza lasaiak bizi ditu, espetxe politikak dakarren egoera kontuan hartuta. Lasai dago, eta baldintzak asko baretu dira.

Ez diote beste probarik egin?
M.C.: Esan diotenez, maiatzean ordenagailu bidezko tomografia axiala egingo diote. Denbora honetan guztian egingo dioten aurreneko proba da; ia urtebete da.
A.O.: Baldintzak apur bat baretu arren, probarik egin gabe, konfiantzazko medikurik gabe, jarraipenik gabe… darrai.

Tratu duina bermatzeko, Euskal Herrira ekartzea da bidea.
A.O.: Argi daukagu etxean egon behar duela. Beste hainbat presogaz egiten den lez, berak duen eskubidea aitortu behar zaio.
S.A.: Euskal Herrian bai, baina, etxean. Familia, senide eta lagunekin; ingurukoekin, konfiantzazko medikuagaz eta tratamendu egokiagaz. Kalean den edozein pertsonak eroango lukeen tratamenduagaz. Egokiena eta duinena etxera ekartzea da.

Dispertsio politikaren ondorioa da bizi duen egoera?
S.A.: Zuzenean eragiten dion beste faktore bat da, bai. 700 kilometrora dago, eta familia hemen dago. Zuzenean eragiten du.
A.O.: Tentsioa eta ardura sortzen du jakiteak senideek horrenbeste denbora egiten dutela errepidean. Baina, gehiago ere badago: hamar laguneko zerrenda, gutun guztiak irakurtzea... Ebakuntza egin eta hiru hilera jaso ditu animoak. Hori guztia espetxe politikaren parte da.

Instituzio edo eragileengandik zein erantzun espero duzue?
A.O.: Seguru gaude etxera ekarriko dugula. Baina, instituzioen eta herriaren inplikazioa ezinbestekoa da. Gainera, hau ez da arazo politiko bat, giza eskubideez ari gara, azken erabakia politikoa bada ere. Herritar orok dugun eskubideaz ari gara.
S.A.: Ez da gai erraza; gai larria da. Gaixorik dago, larri. Kartzelan dago eta etxera ekarri behar dugu. Baina lan handia egin behar da; jendea sentsibilizatu. Oztoporik ez jartzea gura dugu; egingo den lanketa ez trabatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!