Iker Arroitajauregik eta film laburrek itxiko dute Mendiak Hurbilduz zikloa

Anboto 2016ko ots. 10a, 09:30

Mendiari eta han dabiltzan abenturazaleei tokia egiten die urtero urtero Mendiak Hurbilduz zikloak, Plateruena kafe antzokian. Dokumentalen eta protagonisten euren testigantzen bidez, mundu zabaleko abenturak eroso eserita ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Txus Ruiz de Erentxun piraguistaren eta Luismi Egiluz mendizalearen emanaldi banagaz hasi zuten ekimena, eta, eguenean, 19:00etan, bigarren saioa egingo dute film laburren lehiaketagaz eta Iker Arroitajauregiren dokumentalagaz.

Film laburren lehiaketak hirugarren aldia egingo du aurten, eta zortzi lan aurkeztuko dituzte. Gehienak Durangaldeko lagunenak dira, eta Bilbotik eta Donostiatik ere bana aurkeztuko dituzte: “Urterik urtera ekimena zabaltzen ari da, eta pozgarria da Donostiako batek ere parte hartzea”, adierazi du Jon Kepa Berasaluze Mendiak Hurbilduzeko antolatzaileetako batek. Iaz, Ixone Aromaren lanak irabazi zuen, eta aurten ere parte hartuko du.

Film labur denak erakutsi ostean, hiru sari banatuko dituzte. Irabazleak Durangoko Atxarte dendan mendi materialean gastatzeko 150 euroko txartela jasoko du. Bigarren sariak Mercasport dendarako beste 150 euro jasoko ditu. Hirugarren saridunak Ur Nomade enpresagaz asteburu pasa irabaziko du.

Arrakastadun ekimena
Mendiak Hurbilduz ekimenak entzute handia lortu du denbora gutxian, eta mendizaleak “zain egoten diren hitzordua” da: “Jendeak kalean galdetu egiten dit nortzuk etorriko diren edo zer antolatzen gabiltzan galdetzeko. Durangaldetik kanpoko jendea ere etortzen da. Interesa sortzen duela ikusten dugu, eta pozik gaude”, dio Berasaluzek.

Iaz, Favresse anaien ekimenak 450 lagun batu zituen: “Hitzaldiaren ostean zuzeneko musika eskaini zuten Plateruenean eta jai-giroak arratsaldean ez ezik, gau osoan ere iraun zuen”.

Iker Arroitajauregi: “Oraindik igo barik dauden blokeak lehenengo igotzeko aukerak motibatu egiten nau”

Munduko edozein bazterretan  zaudela, eskalatu daitekeen pareta edo arroka erakargarriren bat ikusiz gero, begiratu alboetara,  Iker Arroitajauregi ez da-eta urrun ibiliko. Blokeko eskaladan espezialista den bilbotarra erronkarik erronka ibiltzen da, gaur hemen eta bihar han. Bere lorpen eta abenturak jasotzen dituen ‘Harri Aroa’ dokumentala Plateruenean erakutsiko du, datorren eguenean.

Zer erakusten du Harri Aroa dokumentalak?
Azken bost bat urteetan egin ditudan eskaladarik aipagarrienak jasotzen ditu. Munduan zehar egin ditudan bidaiak, eta horietan eskalatu ditudan blokerik ikusgarrienak erakusten ditu.

Estatukoak zein mundu osokoak.
Bai, hori da. Hegoafrikako Lurmutur Hiritik gertu dagoen Rocklands-en —Boulderra praktikatzeko ingurune ezaguna— Frantziako Fontainebleau-n, Madrilen, Albarracinen, Galizian… Munduan toki asko daude eskalatzeko.

Mendiak Hurbilduz ekimena bisitatuko duzun lehenengo aldia izango da?
Bai. Aurten, lehenengo bider joango naiz. Aurretik entzunda neukan, lagun batzuek esana zidaten, baina egon barik nago. Beti harrapatu izan nau edo bidaiaren batean edo kanpoan. Beraz, pozik nago aurten bertan parte hartzeko aukera eskaini didatelako.
Beti zabiltza handik hona, bidaian, eta paretak eskalatzen. Zer proiektu duzu orain eskuartean ?
Nire helburua, proiektu zehatz bat baino, aurrerantzean ere orain arte eraman dudan erritmoari eustea da. Ahalik mailarik handienean toki berriak deskubritzen eta bloke berriak irekitzen jarraitu nahi dut.  

Zer da arroka bat eskalatzera motibatzen zaituena?
Esaterako, oraindik igo barik dauden blokeak lehenengo igotzeko aukerak motibatu egiten nau. Eta are motibagarriagoa da eskalada bide horiek ikusgarriak edo politak direla konturatzen zarenean. Aurreko prozesua ere gustatzen zait; bidea garbitu eta nondik igo daitekeen aztertzea.

Oraindik joateko aukerarik izan ez duzun zein eskalada gunetara joatea gustatuko litzaizuke?
Oraindino egon ez naizen toki asko daude. Amerikako Estatu Batuetan, Australian, Zeelanda Berrian… urrun daude eta kontu ekonomikoengatik ez da erraza, baina helduko da hori ere.

Atxarte inguruan ibili zara eskalatzen?
Bai. Ni eskalatzen hasi nintzenean, nire belaunaldiko jendea askotan ibiltzen zen Atxarten eskalatzen, eta, jakina, neu ere sarritan ibilitakoa naiz han, beste toki askotan moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!