Luis Ibañez: "Badut 15 metro koadroko Belen bat, mugimenduak ere badituena"

Anboto 2016ko ots. 8a, 19:30

Belen Artistikoen Bizkaiko Lehiaketa irabazi du Luis Ibañezek, Andra Mari elizpean girotutako Belenagaz. Pasio bihurtu den zaletasuna da berea; 20 urte inguru daramatza Belenak egiten.

Pozik hartu duzu berria?
Pozik, bai! Ilusioz egiten ditut Belenak; jendeak ikusi ditzan, batez ere durangarrek.

Ez da lortutako lehenengo saria...
Belenetara zaletua naiz, eta, azken bost urteetan, urtero aurkeztu dut bat: hirugarren sari bi eta bigarren bat lortu izan  ditut. Hala ere, horiez gain, beste hainbat egin ditut. 15 metro koadroko Belen bat ere badut San Frantzisko kaleko lokalean, mugimenduak ere badituena. Urteak daramatzat horrekin.

Andra Mari elizpean girotutako Belenagaz lortu duzu aurten 1. saria. Zelan, ba, elizpea?
Herriagaz lotutako zerbait egin gura nuen, eta Andra Mariko elizpean inspiratu nintzen. Oso enblematikoa izan da, betidanik; ez dauka habe nagusirik, eta arkitektonikoki zoragarria da. Denbora asko eman dut horretan, baina, lortu dut egitea; eta detaile handiagaz. Lehiaketara aurkeztu, eta egindako lan ona aitortu du epaimahaiak, lehenengo saria emanda. Datorren urtean elkartearen egoitzan, Bilbon, egongo da Belena erakusgai.

Zenbat denbora behar izan duzu?
400 ordu. Dena dago eskuz eginda: 3.500 teila ditu, lurreko labirintoa harriz-harri dago eginda, elizpean dagoen marrazki berdinagaz. Eskalazko maketa da, eta xehetasunez eroan behar da.

Antzekotasuna eta piezaren detailea izan da epaimahaiak baloratu duena.
Bai. Etorri zirenean, Andra Mariko elizpea alboan zutela ikusi zuten maketa. Biak konparatu, eta lan benetan xehea zela ikusi zuten.

Itzelezko pazientzia beharko da horretarako...
Bueno... (barrez). Herri lanak, hondeatzailea, nola doazen ikusten ematen dute denbora batzuek. Nik gustuko dudan hau egiten dut. Dekorazioa ikasi nuen, eta marrazkigintza ezagutzen dut. Koadroak eta eskulturak ere egiten ditut. Dena dago lotuta, eta hori guztia Belenetan inbertitzen dut, nolabait esateko. Maketak egiten ditut, Belen bihurtu daitezkeenak edo ez. Nik Belenak egiteko aprobetxatzen dut, tradizio hori galdu ez dadin, gero eta gutxiago ikusten ditut-eta. Badaude Belenak ikusten asko disfrutatzen dutenak, eta horiei askotariko Belenak ikusteko aukera ematen diet, herritik irten gabe.

Egunean zenbat ordu bideratzen dituzu horretara?
Egunero hartzen dut tarteren bat horretarako, baina, kanpora ere joaten naiz, oporretan... Zaletasuna da. Hala ere, Andra Mariko maketa bat egiteak  argazkiak ateratzea, neurtzera joatea... eskatzen du. Hori guztia paperera pasatu behar da, eta gero, maketa egin. Ordu asko dira, lan asko... estres orduak ere batzuetan (barrez).

20 urte Belenak egiten. Pasio bihurtu den zaletasuna.
Bai! Umetan gurasoekin ipintzen nuen etxean. Gaztetan utzi ostean, berriro hasi nintzen seme-alabak izan nituenean. Iruditxoak erosten hasi nintzen, eta, urtero, apur bat handitzen nuen; etxean sartzen ez zen arte. Orduan, ezagunen erakustokietan ipintzen hasi nintzen. Baina, hor ere lekurik gabe geratu nintzen, eta hutsik zeuden lokal batzuetan ibili nintzen, Kurutziagan. Gero, San Frantzisko kalera lekualdatu nuen dena. Horkoa ez dut desmuntatzen: 30 motor, hiru ur-bonba... ditu. Hala ere, Belen txikiagoak ere baditut herriko hainbat erakustokian banatuta.

Gabonetan erakusketa zabaltzen duzu.
Bai. Abenduaren 8tik urtarrilaren 6ra izaten dut zabalik, San Frantzisko kalean, 18:00etatik 20:00etara. Aurten, 2.800 bat lagun pasa dira. Azken hiru urteetan, DYAri eta Minbiziaren Kontrako Elkarteari laguntzeko dirua batu dugu. Aurten, 1.000 euro batu ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!