"Gorkak minbiziari aurre egiteko daukan bide bakarra etxera ekartzea da"

Anboto 2016ko ots. 5a, 10:06

Larriki gaixorik dagoen Gorka Fraile presoaren aldeko plataforma aurkeztu dute Durangon. Dozenaka herritarrek agertu diote babesa taldeari, Andra Marin egindako aurkezpenean.

Plataforma aurkezteagaz batera, Itziar Lasa medikuaren testigantza eskaini dute antolatzaileek. Izan ere, euren ustez "espetxeak ez ditu Gorka sendatzeko baldintzak betetzen". Frailek berak duela aste batzuk bidalitako gutunean adierazi zuen ez diotela frogarik egin ebakuntza egin ziotenetik, duela zazpi hilabetetik. Kezkatuta zegoen, medikuek minbizia birsortzeko arriskua iragarri ziotelako. Frailek 18 urte daramatza kartzelan, eta gaur egun Badajozeko espetxean dago. "Familia ehundaka kilometro egitera behartuta dago, 40 minutuz Gorka ikusteko", salatu zuten plataformakoek.

Bada, Lasa medikuaren arabera, "Gorkak minbiziari aurre egiteko daukan bide bakarra etxera ekartzea da". Frailek tratamendu bat beharrezko duela esan zuen Lasak. Ez hori bakarrik: "Elikadura egoki bat behar du, giro sano bat, ariketa fisikoa egitea... Minbiziaren aurkako nazioarteko eguna da gaurkoa, eta mezu horiek behin eta berriz entzun ditugu". Bestalde, medikuekiko konfiantza ere aipatu zuen Lasak: "Terapia baten oso garrantzitsua da fedea edukitzea tratatu behar zaituenarengan".

Plataformako kideek azaldu dute "Gorkaren eskubideak urratuta" daudela, eta etxera ekartzea dela euren helburua. Horretarako, herritarren inplikazioa eskatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!