"Eskerrik asko kulturaren aterpe hau duela 40 urte sortu zutenei"

Anboto 2016ko ots. 3a, 12:31
Argazkia: @hitzliburudenda

Gaur 40 urte zabaldu zuten Hitz liburudenda, 1976ko otsailaren 3an, San Blas egunez. Gaur egun bertako arduraduna den Gaizka Olabarrik esker berbak izan ditu sortzaileentzat eta bezeroentzat.

40 urte bete ditu dagoeneko Durangoko Hitz liburudendak. Kulturzaleen erreferentziazko denda da Artekalen sustraitutakoa, eta hain zuzen ere, bezeroei eskerrak eman gura izan dizkie Olabarrik: "Eskerrak eman gura dizkiet urte guzti hauetan gugan konfiantza ipini dutenei. Zuengatik, bezeroengatik ez balitz, Hitzek ez luke hainbeste urtez jarraituko".

Olabarrik dendaren sortzaileak ere gogoratu ditu: "Eskerrik asko kulturaren aterpe hau duela 40 urte sortu zutenei: Leopoldo Zugazari, Jesus Astigarragari eta Nekane Bereziartuari".

Despedida bai, baina ateak itxi ez
Zugaza eta Astigarraga izan ziren lehen sortzaileak, eta Bereziartuak eta bere ahizpak 1980an hartu zuten ardura. 2011n ixteko asmoa agertu zuen, eta despedida lez Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuaren irakurraldia egin zuten. ANBOTOri emandako elkarrizketan, idazle iurretarra izan zuen gogoan Bereziartuak: "Joseba oso ondo gogoratzen dut. Zenbat ordu pasatuko zituen hemen liburu artean! Berba asko ez zuen egiten, baina uste dut nik baino hobeto zekiela gauza bakoitza non zegoen".

Izan ere, Hitz ez da denda huts bat izan. Literaturzaleen txoko eta hainbat libururen aurkezpenak zein solasaldiak egiteko gune ere izan da. Joan zen eguenean, adibidez, Ametsen Liburua aurkezteko ekitaldi bat ospatu zuten bertan.

2011n ateak ez ziren itxi, Olabarri egin zelako dendaren kargu, eta 40. urtemugara heldu dira dagoeneko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!