Txema Serrano: "Bilboko etxebakoen errealitatea liburu batean bildu gura dut"

Anboto 2016ko ots. 1a, 12:34

Etxebakoei buruzko erakusketa ipini du Txema Serrano argazkilari durangarrak Bilboko metroko hiru geltokitan. "Sarritan, gizartearentzat ikusezin diren sentsazioa dutela esaten dute kalean bizi direnek"

Zelan sortu da zure argazkiak Bilboko metro geltokietan erakusteko aukera hau?
Bilbon etxebakoak laguntzen lan egiten duen Bizitegi elkarteagaz kolaboratu dut erakusketa antolatzeko. Baina, Bizitegi elkartekoekin hartu-emana hasi orduko, eskuartean nuen etxebakoen inguruko proiektu fotografiko hau. Epe luzeko egitasmoa da, eta aurrerantzean ere jarraitu gura dut etxebakoen inguruan lan egiten.

Bizitegi elkartekoek lagundu dizute proiektua gauzatzen?
Bai, laguntasun handia eskaini didate, argazkietan agertzen diren pertsona batzuekin hartu-emanetan jartzen, esaterako. Elkarlanean jardun gara. Herritarrak etxebakoen arazoagaz sentsibilizatu eta kontzientziatzeko kanpaina baten parte da nire argazki erakusketa.

Formatu handiko argazkiak dira erakusketakoak, ezta?
Bai, argazkiak 2.30 x 1.30 zentimetroko paneletan daude jasota. Argazkiekin batera, etxebakoen errealitateari buruzko hainbat esaldi ere agertzen dira paneletan. Bilboko kaleetan ere ipini dituzte esaldi horiek.

Zein geltokitan daude zure argazkiak ikusgai?
Hiru metro geltokitako bost irteeretan daude: Abandon, Moyuan eta Indautxun. Egia esan, guztiak ikusi ahal izateko, ginkana antzeko bat egin beharra dago. Otsailaren 11ra arte egongo dira geltoki horietan, eta martxoaren 11ra arte, Alde Zaharrean, San Mamesen eta Indautxun egongo dira.  

Zure argazkigintza lana, eta, kasu honetan, etxebakoen errealitateari buruzko salaketa jende askogana ailegatu daiteke geltokietan erakutsita.  
Bai, horrela da, eta proposatu zidatenean, erantzunkizun handia iruditu zitzaidan nire lana horrelako leku batean erakustea: egun osoan zehar metroan aurrera eta atzera dabilen jende askogana ailegatzeko aukera da. Harrituta eta oso pozik gaude jendearen erantzunagaz: orokorrean, oso harrera ona egin die jendeak argazkiei.

Kalean egunero aurrez aurre dugun etxebakoari aurpegira begiratu ez, baina zure argazkiak ikusteko geldialdia egingo genuke askok...
Bai, horrela da. Eta, sarritan, gizartearentzat ikusezin diren sentsazioa dutela esaten dute kalean bizi direnek. Aurreiritziak, hain zuzen ere, horretarako baliatzen ditugula uste dut: pertsona horiekiko sekulako distantzia hartzeko.

Noiz eta zer dela eta hasi zinen gizarteak bazterturikoei argazkiak egiten?
Iazko urte hasieran ekin nion lanari. Kalean, merkataritza gune baten pean gaua pasatu duen jendea ikustean, neure buruari hainbat galdera egiten hasi nintzen: “Zelan ailegatu dira egoera horretara?”, “Inoiz ni ere egoera horretara ailegatu ahalko nintzateke?”, galdetzen nion nire buruari... Eta, denok egiten dugun bezala, aurreiritziekin erantzuten nien galdera horiei. Baina, egun batean, euretariko batengana hurreratu nintzen, eta berbetan hasi ginen. Aurreiritziak eta beldurrak, banan-banan, desagertzen joan dira.

Zer aurreiritzi desegin ditu esperientzia honek?
Kalean bizi direnak arriskutsuak izan daitezkeela, esaterako. Errealitatea da, biolentzia erabili ez, jasan egiten dutela: gauez, egunean bildu duten diru apurra lapurtzen dietenean, esaterako. Bestalde, “antisozialak dira” iritzi maltzurrra ere oso zabaldua dago. Baina, gizarteari bizkar emanda bizi badira, gizarteak eurei bizkar eman dielako da. Injustizia itzela bizi dute, oinarrizko eskubiderik barik bizi dira, eta guk alboratu eta ahaztu egiten ditugu.

Gai honen inguruan lan egiten jarraitzeko asmoa daukazu?
Bai, etxebakoek Bilbon bizi duten egoeraren inguruko liburu bat argitaratu gura dut. Eta, aukera sortzen bada, argazki erakusketa hau beste lekuren batean ipini.

 

Arazoari ikusgarritasuna eman, eta injustizia salatzeko irudiak

Iazko urte hasieratik, ordu asko eman ditu Txema Serrano argazkilariak Bilbon, kalean bizi diren hainbat lagunengana gerturatu guran: metroko hiru geltokitan ikusgai dauden argazkietan agerikoa den hurbiltasuna lantzen. Lanetik irten osteko ordu libreetan joan da Bilbora, etxebakoak ezagutu, eta euren errealitateei argazkiak egitera: “Ezagutu berritan ere, batzuekin ez dago argazkiak egiteko zailtasunik, baina beste batzuekin asko landu behar da konfiantza”.  

Fotokazetaritzaren eta erreportajeen arloko lehenengo lana du Txema Serranok Sin hogar. “Argazkizaletzen hasi nintzenean, argazkien alde estetikoari begiratzen nion gehiago: paisaiak edo argazkigintza urbanoa landu izan dut orain arte, gehiago”, azaldu du. Hasieran, ikasten joateko, betegarria egin zitzaiola argazkigintza mota hori, dio Serranok, baina ikuspuntu sozialago honek badaukala balio gehigarri bat: “Arazo bati, injustiziari, ikusgarritasuna ematea”. Fotokazetaritza mota honek zure argazkiak helburu eder bat lortzeko baliagarriak izatea dakar, baina, era berean, “plastikoki ederrak” diren argazkiak egiteko aukera ere baduzu.  

Blogean, www.txemaserranoramos.blogspot.com helbidean daude Serranoren argazkiak, ikusgai. Tartean, autobidearen behealdeko lursail batean ipini duen kanpin-dendan bizi denarena. Gizon horrek bizarra egiteko arbola batetik zintzilikatu duen kotxeko atzerako ispilua, edo kafea egiteko darabilen sistema erakusten dute argazkiek.

Badaude plano hurbilagoko irudiak ere, etxebakoen errealitatearen detaile txikiagoei begiratzen dietenak: karrotxoari, zigarroari edo makilari heltzen dieten esku belztu eta zauridunak, edo jantzi bat josten dabiltzanak. Oinak, koltxoiak eta kartoiak ere badira kalean bizi direnen errealitatearen isla.

Etxebakoekin izan duen esperientziatik atera duen ikasbide nagusia partekatu gura izan du Serranok, amaitzeko: “Gure zirkunstantzien arabera garela garena; edonor ailegatu daitekeela egoera horretara”. Eta hori ez dela topiko hutsa.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!