Sorkuntza bekagaz egindako lana kontzertuan aurkeztuko dute Berrojalbizek eta bere taldekideek

Anboto 2016ko urt. 14a, 17:25
Maider Larragañaga San Agustin kulturguneko ordezkaria, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, eta Ander Berrojalbiz musikaria.

Antzinako musikagaz loturiko bere proiektuagaz Durangoko Udalaren 2014ko Sorkuntza Beka irabazi zuen Ander Berrojalbiz musikari durangarrak. Diru-laguntza horregaz buruturiko lanaren emaitza aurkeztuko du, urtarrilaren 21ean, Durangoko San Agustin kulturgunean. Prentsaurrekoan eman dute, gaur, datorren egueneko emanaldia horren berri.

Musika Durangon 1833. urtean izenburua du, eguenean, 19:00etan, aurkeztuko duten lanak. Khantoria taldearen estiloan, kontzertu-berbaldia izango da, eta Berrojabilzek azpimarratu duenez, talde horretako bere kideekin ariko da Durangon: Maider López biola-jotzaileagaz eta Virginia Gonzalo klabezin-jotzaileagaz. Nerea Aizpurua biolontxelista durangarra ere batuko zaie, gainera.

Khantoria taldeak ohi duen eran, San Agustingo emanaldian ere "istorio bat kontatuko" dutela azaldu du Berrojalbizek. Durangaldeko musikaren historiaren parte bat da, hain zuzen ere, kontatuko dutena. Izan ere, datorren egueneko kontzertuagaz borobilduko duten proiektuaren barruan, 1833an Durangoko txistularia izan zen Carlos Bergarecheren hainbat konposizio ikertu, moldatu eta editatu dituzte. Urtarrilaren 21eko kontzertuan, Maider Lópezek berreraiki eta harmonizatu dituen Bergarecheren zortzi obra joko dituzte.

Ander Berrojalbizegaz batera, Maider Larrañaga San Agustin kulturgunearen ordezkaria, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea ere izan dira gaurko agerraldian. Khantoria taldearen emanaldiak entzutea "gozamen itzela" dela azpimarratu du Irigoras alkateak: "Anderrek emandako azalpenak entzun ostean, gehiago disfrutatzen duzu musika".

Antzinako musika, interneten

Antzinako musika ikertu eta interpretatzen ibiltzen da Ander Berrojalbiz, eta Durangoko Udalaren bekagaz, jakintza arlo hori eta teknologia berriak uztartzeko lanetan murgilduta ere ibili da, 2015ean. Durangaldeko aintzinako musikaren inguruko ikerkuntza lanaren emaitzak zabaldu eta ikertzaile eta herritarren eskura ipintzeko, Manuel Merladet webgunea sortu du. Durangaldeko musikaren historiaren arloan egindako ikerketa lana iraunarazi eta gizarteratzeko helburuagaz sortu dute webgune hori, eta dibulgazio testuak, partiturak, eta kontzertuen zatien bideoak bilduko dituzte bertan. Urtarrilaren 21eko San Agustingo emanaldian aurkeztuko dute webgune berri hori ere.

Hasiera batean urtero, eta azken edizioan bi urterik behin, 2005etik egin du Durangoko Udalak Sorkuntza Bekaren deialdia. Gaur Berrojalbizen lana aurkeztuta, aurten beste deialdi bat egingo dutela aurreratu du Maider Larrañaga San Agustingo ordezkariak. Orain arte bezala, "ahalik eta eremu artistiko zabalena lantzea" dela Sorkuntza Bekaren helburua azaldu du Larrañagak, eta proiektuak aurkezteko muga bakarra parte artistak durangarrak izatea dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!