Eguberrietako 'Maluta' zirku jaialdiaren lehenengo edizioa, San Agustinen

Anboto 2015ko abe. 29a, 09:00
Pedro Benavides bere 'Cyr' gurpilarekin ariko da Durangoko ikuskizunean.

Urtarrilaren 2an eta 3an Durangoko San Agustinen emateko sortu dute Maluta zirku ikuskizuna. Eguberri bueltan hainbat herrialdetan egiten direnen gisako zirku jaialdi berezia da lehenengoz ikusgai izango dena. Euskal Herrian ez dira ohikoak horrelako ekimenak, eta aitzindari da San Agustin.

Ume zein helduentzako aproposa da Maluta. Gorka Ganso aktorea da ekimenaren bultzatzailea, eta azpimarratu du, “ikusgarria delako, eta umore zirikatzailea ere badarabilelako, da denontzako modukoa”.

Hiru emanaldi eskainiko dituzte San Agustin kulturgunean: urtarrilaren 2an eta 3an publiko familiarrarentzako saio bana egingo dute, 18:00etan; eta urtarrilaren 2an, 22:00etan, beste saio bat eskainiko dute, “zirkua eta umorea publiko helduarentzat ere aukerakoa izan daitekeela erakusteko”.

Estatuan lanean diharduten, baina jatorri desberdinetakoak diren dozena bat artista ariko dira euren lanen laginak Maluta ikuskizunean eskaintzen. Gansok azaldu duenez, Stéphanie Bouchard kanadarrak, Andrián Conde argentinarrak, Pedro Benavides txiletarrak, Leongo Cirk About It taldeko hiru kideek, eta Endika Salazar eta Maider Yabar euskaldunek parte hartuko dute emanaldian.

Bestalde, artista horiek eskainiko dituzten ikuskizunen arteko lotura Gorka Ganso ekimenaren koordinatzaileak egingo du, umorez jantzitako aurkezpenen bitartez: “Zirku tradizionalean ez bezala, berbarik bakoak izango dira egingo ditudan aurkezpenak: ikus-entzunezko baliabideak erabiliko ditut, esate baterako”.

Parte-hartzaile guztien lana oso ondo ezagutzen du Gansok, eta berak koordinatu du Durangon emango duten ikuskizuna. Emanaldia hasi baino ordu gutxi lehenago elkartuko dira parte-hartzaileak, eta, esperientzia handiko artistak direnez, “eta entsegu askorik egiteko denborarik ez dagoenez, inprobisazioak ere bere lekua izango du”, aurreratu du Gorka Gansok.

Zirkuaren aniztasuna islatuko du Maluta ikuskizunak: akrobaziak, malabareak, trapezioak eta aereoak izango dira ikusgai. Gansok aurreratu du, Pedro Benavides bere Cyr gurpilarekin etorriko dela, metalezko hoola-hop erraldoi bategaz, eta Euskal Herrian gutxitan egoten dela halako ikuskizun bat ikusteko aukera. “Merezi du, benetan, Benavidesena eta besteen lana ikustera etortzeak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!