Aitor Larrucea: "Durangon, 2016an martxan egongo da organikoaren bilketa"

Anboto 2015ko abe. 11a, 09:40

Klima aldaketaren aurkako borrokan erreferentzia hartzen dabil Durango. 11 kilometroko bidegorria, oinezkoentzako guneak, Berdeago azoka, Udalerri Jasangarriari saria, mugikortasun jasangarria bultzatzeko kanpainak ikastetxeetan... Duela aste bi, Compact of Mayors ekimenagaz bat egin zuen. Horren berri eman du Aitor Larrucea Ingurumen plangintzarako arduradunak (Durango, 1975).

Zer suposatzen du errekonozimendu honek?
Errekonozimendua baino, udalak hartzen duen konpromiso bat da. Nazio Batuek proposatutako ekimen bat da. Gu jasangarritasunaren aldeko Udalsarea 21en sartuta gaude, beste 200 udalerrigaz. Eusko Jaurlaritzak hortik hamar udalerri aukeratu, eta Nazio Batuetara aurkeztu ginen. Auditoria bat pasatu genuen, eta, azkenean, lortu dugu. Nazioarte mailan, 90 bat udalerri, 14 europarrak. Horietatik hamar Euskal Herrikoak dira.

Noiz hasi zineten gaia lantzen?
Durango 2009an hasi zen klima aldaketaren aurkako neurriak ezartzen. Osoko bilkurak ordenantza bat onartu zuen, Europa mailan nahiko aurreratua dena. Urtero, berotegi efektuko gasen inbentario bat egiten dugu: zenbat auto dauden, industriak isurtzen duena, hondakinak... Ordenantzak neurriak ezartzera behartu gintuen. Partaidetza foro batean, klima aldaketaren aurkako 2010-2015 udal programa onartu zen. 2006tik 2015era bidean, isurketak %2 ez igotzea zen helburua. Asko hobetu dugu, gure isurketak %13 murriztu ditugu eta. Compact of Mayorrekin, 2020rako %20 bajatzea da helburua.

Duela hamar bat urte aire kalitatearen inguruko kezka sortu zen Durangon.
Klima aldaketaren aurkako ekintzetan, airearen kalitatearen inguruko plan baten eraginez hasi ginen. Durangok  arazoa zeukan aireagaz.  2004an, kalitate oneko airea urteko 168 egunetan eduki genuen soilik; beste urte erdian, aire txarra eduki genuen. 2013an, urteko 361 egunetan eduki genuen kalitate oneko airea. Aldaketa izugarria izan da.

Eta zelan lortzen da hori?
Adibidez, nekazaritza ekologikoa sustatzen da hobari fiskalekin, auto elektriko edo hibridoen zergetan ere bai, bizikleten erosketa bultzatu da, mugikortasun arloan 11 kilometroko bidegorria eraiki dugu...

Industriaren moldaketek eragina eduki dute?
Enpresek  neurri asko hartu dituzte, eta inbertsio handiak egin ere bai. Bestetik, 2003tik hona, Durangoko mugikortasuna pila bat aldatu da. Kale gehiago dauzkagu oinezkoentzat, eta autoaren erabilera asko gutxitu dugu barne trafikoan, zortzi urtean %30etik %19ra pasatu gara.

Bizikletaren erabilera, zer portzentaiatan dago?
Gasteizen antzerako kopuruetan gaude. Han, garraioen %8 da bizikleta bidez, eta Durangon %7,3ko portzentaia daukagu. 2020an 22 kilometroko bidegorria edukitzea da gure plana. Ez dago guztiz zehaztuta, baina sarea kanpotik zarratzea falta da.

Hondakin organikoa ez da birziklatzen Durangon. Baduzue zerbait pentsatuta?
2016a amaitu orduko, hondakin organikoen bilketa ezartzea gura da Europan. Gure aurreikuspena da 2016 erdialderako ezartzea. Zabor bilketaren lan-kontratua amaitzen da orduan, eta lehiaketara aterako den kontratu berrian hori ezarriko da. Oraindik, zelan batu erabakitzeko dago, hondakinen inguruko partaidetza foro bat martxan dago; bost egin ditugu, eta ondorioak ateratzeko, beste pare bat egingo ditugu. 70 bat lagunek parte hartu dute batez-beste. 2016an martxan egongo da organikoaren bilketa.

Beste zer erronka duzue aurrera begira?
Agenda 21eko plana da gure erreferentzia. Durango oinezkoen eta bizikleten garraioan zentratzea gura dugu. Energiari dagokionez, kontsumoa murrizteko neurriak hartu ditugu, baina berriztagarrien arloan jauzi bat eman behar dugu. Garraioan, auto elektrikoak kargatzeko puntuak ipini beharko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!