Ligako lehen herena joan denean, Nissan-Gaursa sailkapenako bosgarren tokian dago. Eroso kokatuta dagoela pentsatu daiteke, baina, hori ez da egia biribila: puntu gutxiren barruan talde asko daude. Zazpi puntuk banatzen ditu DRT eta azken aurreko Quesos Entrepinares. Joan zen astean Vigori lehen jardunalditik atzeratutako partidua irabazita (12-0) arnasa hartu zuen Durangoko taldeak. Punturik jaso ez izana aurrerapausua dela uste du Astarloa entrenatzaileak, baina, oro har, jokoan hutsuneak ikusi zituen. Erasoan, hiru-laurdenetan baloia “errazegi” galdu zuten sarritan; erasoko trantsizioak ez ziren nahi bezain emankorrak izan denboraldiko beste partidu batzuetan gertatu moduan, eta hankako jokoagaz batera, alderdi horiek hobetu beharra dutela uste du.
Zarautzen kontra garesti ordaindu daitezke akatsak. Talde gipuzkoarra mailako talderik gogorrenetakoak da eta hainbat izar ditu. Denen gainetik, Phillip Huxford zeelanda berritarra dago. Sei urtez Ordiziagaz Ohorezko Mailan jokatu du eta aurten bere kalitatearen berri ematen ari da Ohorezko B Mailan. Jokalari azkarra izateaz gainera, ostiko zehatza du eta jokoa ondo ikusten du. Jokalari hori indargabetzea izango da partidua irabazteko gakoetako bat.
Murray selekzioagaz
Nesketan azpimarratzeko da Nissan-Gaursa taldeko Joana Murray gaztea Espainiako Errugbi Selekzioko taldean izan dela Eskoziaren kontra jokatzen. Espainiako Selekzioa eraberritze prozesuan dago eta atzetik gogor datozen kimu berrietakoa da Murray durangarra. Partidu horretan Eskozia gehiago izan zen: 10-34.