Azaroak 25

Durangaldeko 86 emakumek salatu dituzte aurten eraso sexistak

DURANGOKO UDALA 2015ko aza. 26a, 16:39

Durangoko Udalak azaroaren 25eko adierazpen instituzionalean azaldu duenez, aurten, eraso sexisten ondorioz Durangaldeko 86 emakumek eskatu dute laguntza ertzaintzan, Osakidetzan edo Gizarte Zerbitzuetan. Emakume horietatik 41 durangarrak izan dira.

Hauxe da udalak aho batez onartutako adierazpena:

 

Iaz 54 emakume hil zituzten Espainiako Estatuan, genero-indarkeria dela-eta; horietako hiru Euskal Autonomia Erkidegoan. Alabaina, Emakunderen datuen arabera, 4.091 emakume izan ziren indarkeria sexistaren biktima EAEn.

 

2015ean, dagoeneko 45 emakume hil dituzte Espainiako Estatuan; kasu horietan guztietan, hiltzailea gizonezko bikotekidea edo gizonezko bikotekide ohia izan da. Horietako bi kasu, Euskadin izan dira, hain zuzen, Bizkaian. Durangon, berriz, aurtengo lehenengo hiru hiruhilabetean, 41 emakumek eskatu dute arreta berezitua Gizarte Zerbitzuetan, Osakidetzan edo Ertzaintzan, eraso sexisten ondorioz. Amankomunazgoko herri guztietako datuei erreparatuz gero, 86 izan dira mota horretako arreta eskatu duten emakumeak.

 

Gaurkoan, azaroaren 25 honetan, jendaurrean erakutsi nahi dugu indarkeriaren aurka dugun konpromiso irmo eta etengabea. Norabide berean lan egiten jarraituko dugu.

 

Hala, Indarkeriaren kontrako protokolo osoa sustatuko dugu, horrela bermatzen baita Udaleko nahiz Mankomunitateko erakunde publikoek eta arlo horretan eskumena duten instantzia autonomikoek era egokian eta koordinatuan lan egitea. Baina, horretarako, nahitaezkoa da kasuei bana-banan erantzutea; garaiz erantzutea; erantzuna irisgarria izatea; biktimei euren eskubideak itzultzea; eta, bigarren mailako biktimizazioa eragoztea.

 

Horrez gain, ‘Hiri Debekatuaren Mapa’ proiektuari ekingo diogu. Proiektu horren bitartez, herritarrek aukera izango dute hausnartzeko eta eztabadaitzeko ea baduten erlaziorik gure herrien diseinuek edo hirigintza-testuinguruek, eta emakumeen kontrako indarkeriak. Gainera, ekimen honen bidez, gure kaleak seguruagoak izango dira, emakumeok erasoen beldurrik gabe ibil gaitezen.

 

Azkenik, Andragunea indartzen jarraituko dugu, Durangoko emakumeak, banaka zein taldeka, ahalduntzeko erreferentziagunea baita. Gune horri esker, emakumeok espazio bat dugu emakumeen giza eskubideen urraketez jabetzeko, elkarrekin biltzeko, eta hertsapen-egoerak iraultzeko.

 

Honenbestez, azaroaren 25a dela-eta antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, baita indarkeria sexistaren aurkako borrokan inplikatzera ere.

 

  • Beldur Barik Topaketa Orokorra. Bideo-lehiaketa irabazi dutenei saria emateaz gain, gure testuinguruetan zein beste batzuetan indarkeriaren aurkako borrokan aktiboki ari diren ekimen, talde edo diskurtsoetara hurreratzeko aukera emango diegu gazteei. Topaketa hori azaroaren 28an izango da, Amurrion.

 

 

  • Beldur Barik Durangaldea. Azken hileetan, hainbat gogoeta-prozesu burutu dira Durangoko ikastetxeetan eta Andragunean. Gure eskualdeko azken topaketa Karrika antzerki taldeak bideratuko du, eta Miren Amurizak, Eskarne Rementeriak eta Libe Mimenzak ere parte hartuko dute, bideo-lehiaketako epaimahaikideak izan baitira. Eskualdeko topaketa azaroaren 26an izango da, arratsaldeko 18:30ean, Elorrioko Arriola Antzokian.
  • Argazki-erakusketa: Arrasateko kolektibo feministek sortutako “Jabekuntza, askatasunerako bidea”. Azaroaren 11tik 25era, Andragunean.
  • Zineforuma: “Lila dice” filma. María Castejónek bideratuko ditu filmaren osteko gogoetak eta debatea. Abenduaren 2an izango da, 18:00etan, Zugaza zineman.
  • Horma-irudi erreibindikatzailea indarkeriaren aurka, Ainara Azpiazu “Axpi-k” egina. Lehengo Correosen eraikinean.
  • Kontzentrazioa, Udalak deituta, azaroaren 25ean, eguerdiko 13:00etan, lehengo Correosen eraikinean.
  • Manifestazioa, Durangoko Plataforma feministak antolatuta. Andrabanda (batukada feminista) eta trikitilariak izango dira girotzen. Azaroaren 25ean izango da, 19:00etan, Andra Mariatik hasita.

 

Bukatzeko, gogora ekarri nahi ditugu María Ana, Leyre Rodríguez eta Almudena Matarranz, 2015ean indarkeria sexista dela-eta EAEn hil dituzten hiru emakumeak. María Ana, 29 urte, bere bikote-ohiak hil zuen Gazteizen, apirilaren 2an. Alaba bat eta bi seme zeuzkan. Leyre Rodríguez bere senar-ohiak hil zuen, abuztuaren 8an, Ollarganen, Arrigorriagan. Leyrek 34 urte eta bi seme-alabaren ama zen. Almudena Matarranz bere senargaiak hil zuen, urriaren 5ean, Erandion. Almudenak 39 urte zituen.

 

Emakume bi horiek eta gainerako biktimak gogoan izango ditugu. Guzti-guztiek adorea emango digute, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzaren alde egiteko.

 

Emakume hildako gehigorik ez!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!