"Herritar guztiek etxea edukitzea posible da"

Anboto 2015ko aza. 26a, 13:59

Etxebakoen alde elkarretaratzea egin dute Durangon, Caritas eta Etxepel zentroak deituta. Francisco Jose Gil etxebakoak egin du berba: “Pertsona guztiek etxe bat edukitzea posible da. Gizarte osoaren betebeharra da”.

Gilek Etxepelen laguntza jaso du azken urtean. Cadizekoa da sortzez, eta duela 13 urte etorri zen Durangora.  Duela ia urte bi geratu zen etxe barik, eta zazpi hile kalean pasa zituen, Etxepelen laguntza jaso arte. Etxebakoen izenean esan du kalean egoera zailak bizi izan dituztela, eta eurenganako aurreiritziak desagertzea gura dutela ere bai: "Lan egin gura dugu, ez dugu laguntzei esker bizi gura". Edozelan ere, zulo horretatik irteteko, errenta bat beharrezkoa dutela dio, baita erroldatzeko arazorik ez edukitzea ere. "Bestela, zelan irtengo gara egoera horretatik?". Adierazi du kalean bizi direnek "dena" galdu dutela.

Etxepel, hogei lagunen aterpe

Durangoko Caritas-Tabira elkartearen bultzadaz, Etxepel zentroa zabaldu zuten Durangon iazko ekainean, Intxaurrondoko Jesusen Mirabeen komentu zaharrean. Eguneko zentroa eta pentsio zerbitzua eskaintzea da euren helburua, eta hogei pertsona daude une honetan. Egunez, atseden hartu, garbitu eta tailerrak egiteko aukera daukate. Baina gaueko pentsioa ez dago martxan, Etxepelekoek diru nahikorik ez dutelako; instituzioen inplikazioa eskatu izan dute. Beraz, momentuz ez du inork bertan lo egiten. Hori bai, Caritasek Durangon dauzkan etxeetan zazpi lagun daude gaua pasatzen. Alberto Estefanía Etxepeleko koordinatzaileak azaldu du 40 lagun jasotzeko moduko lekua dela Etxepelen egoitza.

Estefaníak ere etxebakorik ez egotea posible dela aldarrikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!