Lariztorre Durangoko Andragune bihurtzea proposatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko aza. 25a, 17:40
EH Bilduko zinegotziak, Lariztorren, prentsaurreko ostean.

Andragunea lekuz aldatzea gura du EH Bildu koalizioak. Hain zuzen ere, Pinondoren ordez, Lariztorre Durangoko Andragune bihurtzea proposatu du. Eider Uribek prentsaurrekoan adierazi duenez, “gaur egun dagoen espazioa txiki geratu da”. Erabiltzaileen kexetan oinarritu da hori esateko.


Uribek kontatu duenez, Andragunea sortu zeneko sasoian, eraikin propio eta erreferentzial bat eskatu zuten elkarteek, eta EH Bilduren ustez heldu da hori gauzatzeko momentua.

Dani Maeztuk ere egin du berba prentsaurrekoan. Bere arabera, “elkarte feministek begi onez ikusi dute” EH Bilduren proposamena. Hurrengo udal batzordean aurkeztuko dute gaia, eta beste alderdiekin akordioa ailegatzeko esperantza daukate.

Turismo bulegoa
Noski, zer gertatuko litzateke Lariztorren dagoen Turismo Bulegoagaz? EH Bilduk Kurutzesantu museora lekualdatzea proposatu du. Horrela, museoaren ordutegia zabaltzea lortuko dela diote; gaur egun asteburuetan baino ez da zabaltzen, lau orduz. Durango Eraikitzen zerbitzua ere badago Lariztorren, eta hori udaletxean ezartzea egoki ikusten du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!