Liburuan bildu dituzte Azokaren 50 urteko historia, irudiak eta istorioak

Anboto 2015ko aza. 25a, 11:00

Durangoko Azokaren 50 urteetako ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztu zuen, Gerediaga Elkarteak, atzo, Bilboko BBK Aretoan. Liburuaren egileetako bi, Jesus Mari Arruabarrena eta Txelu Angoitiak izan dira liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan, eta baita Aitziber Atorrasagasti Gerediaga elkarteko kudeatzailea, Asun Elorriaga elkarteko idazkaria, eta Ixone Zubieta BBK-ko ordezkaria ere.


Arruabarrenaren eta Angoitiaren lanagaz batera, Joseba Sarrionandiak idatzitako parte bat ere badu liburu berriak. Gerediaga Elkarteak azpimarratu du “saiakera mamitsua eta ausarta” idatzi duela Sarrionandiak liburu horretarako. Azokaren inguruko lekukotzak bildu ditu, bestalde, Jesus Mari Arruabarrenak, eta irudia gehitu dio Txelu Angoitiak.

Egile bakoitzak liburuaren atal bat osatu du. Joseba Sarrionandiak Mundutik Azokara izenburuko partea landu du, “nazioarteko eta Euskal Herriko 1965etik 2015era arteko gertakariak Azokarekin lotuz”. Azokaren historiari testuingurua jarri dio, beraz, idazle iurretarrak, Gerediaga Elkarteak azpimarratu duenez, “oso perspektiba berezi batetik”.

Arruabarrenak egin du Azokatik Mundura izenburuko atala: Azokaren sorreran eta ibilbidean parte hartu zuten hamar lagun elkarrizketatu ditu.

Irudia da nagusi hirugarren atalean. Azken 15 urteetan Durangoko Azokan argazkilari lana burutu duen Txelu Angoitiak Azokaren “alde intimista eta artistikoa” ematen du liburuan, azken urteetako argazkiekin zein artxiboko irudiekin.

Liburua saiakera formatuan dago idatzita, baina Gerediaga Elkarteak azpimarratu duenez, “irakurterraza eta dibulgatiboa da”. “Lasaitasunez irakurtzeko liburu bat da, gozatzekoa eta gordetzekoa”, azpimarratu zuten aurkezpenean.

Euskaraz idatzitakoak du lehentasuna, baina amaieran gaztelerako itzulpena ere jasotzen du 255 orriko liburu elebidunak. Durangoko Azokan, 20 euroan salduko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!