Bonbardaketaren aurka kereila jartzeko proposamenak ez du aurrera egin

Anboto 2015ko aza. 24a, 19:47

Durangoko bonbardaketaren aurka kereila bat ipintzea eskatu du EH Bilduk gaurko osoko bilkuran, baina proposamenak ez du aurrera egin, Herriaren Eskubidearen aldeko bozka jaso du-eta bakarrik. Gainerakoek aurka bozkatu dute.

Dani Maeztuk gogoratu du 2012an Durango 1936 elkartearen mozio bat onartu zutela, Espainiar eta Italiar Gobernuei barkamena exijitzeko, Alemaniak Gernikagaz egin moduan. Aurten, martxoan, Italiar kontsulatuari batzarra eskatzea adostu zuten udalbatzarrean, eta EH Bilduk oraingo honetan enbaxadari luzatzea proposatu du. Herriaren Eskubideko Julián Ríosen arabera, “udal ordezkarien betebeharra da basakeria hura oroitzea”.

EAJko Goiztidi Diazek azaldu du apirilean jaso zutela kontsularen erantzuna, bere eskumena ez zela eta enbaxadara igorriko zuela esanez. Kereilaren proposamena beste alderdiei luzatu barik egitea kritikatu du Diazek, eta gaia batzordean lantzea eskatu du. Maeztuk, ordea, apiriletik hona kontsularen erantzunaz informatu ez izana egotzi dio EAJri.

PSE-EEko Mauricio Garcíaren ustez, gaur egungo gobernuei “ezin zaie barkamena exijitu”, hauteskunde bidez aukeratuta daudelako eta ez dituelako ordukoaren erantzule lez ikusten. PPko Fran Garatek begi onez ikusten ditu gaitzespenak, baina “errepublikazaleen aldetik ere herritar askok sufritu” zutela dio, eta bere iritziz ez dute errekonozimendurik jaso.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!