Kultura arteko fotonobela tailerrean izena eman daiteke abenduaren 3ra arte

Anboto 2015ko aza. 19a, 15:00

Kulturen arteko bizikidetzarako tresna izateko antolatu du Durangoko Udalak Fotonobela tailerra: jatorri desberdinetako 16 eta 30 urte arteko gazteei sorkuntza lanetan elkarrekintzan jarduteko aukera eskaini gura diete. Abenduaren 3a baino lehen, Udaleko Inmigrazio Sailera deituta (94 465 70 94) eman daiteke izena.

Taldeka fotonobela bat sortzeko elkartuko dira doako tailer honetan izena ematen dutenak. Elkarregaz egingo dute lan gidoia sortzeko, argazkiak egiteko, produktua maketatu eta inprimatzeko: argazkigintza, kominkigintza eta idazketa landuko dituzte, beraz, Txelu Angoitia argazkilari durangarraren laguntzagaz.

Jatorri desberdinetako gazteei elkar ezagutzeko aukera eskaintzeko antolatu du Durangoko Udalak tailerra: elkarren berri izan dezaten, eta euren arteko sare sozialak eraiki ditzaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!