Durangoko 50. Azokak gunez gune eskainiko duenaren berri eman dute

Anboto 2015ko aza. 18a, 12:36

Abenduaren 4tik 8ra Durango euskal kulturaren plaza bilakatuko duen 50. Azokaren antolakuntzan jardun diren kultur eragileen ordezkariek, egun horietan herriko zortzi gunetan izango den eskaintza oparoa aurkeztu dute, gaur, Plateruenean eskaini duten agerraldian.

Nerea Mujika Gerediaga Elkartearen presidenteagaz, agerraldi horretan izan dira zortzi gune desberdinen ordezkariak. Kulturaren lagin ahalik eta zabalena Durangoko Azokara ekartzeko urte osoan lan egin duten elkarteen eta ehunka sortzaileren ordezkariak elkartu dira Plateruenean. Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena, Irudienea, Szenatokia, Kabi@, eta Azoka Telebista guneen eskaintzaren berri eman dute ordezkari horiek.

Hain zuzen ere, eragile horien lana eskertuz hasi du Nerea Mujikak gaurko aurkezpena. Azpimarratu du, "herri ekimena eta elkarlana" dela azokaren zutabea, eta "gero eta eragile eta ideia gehiago, eta elkarlan handiagoa" dagoela Durangoko Azokan. "Iazko datu baikorrak hobetuz", euskal diskogintza eta literaturako 350 ekoizpen berri (iaz baino 4 nobedade gehiago) aurkeztuko dituztela Durangoko Azokan azaldu du Mujikak. Bigarren urtez, autoekoizleek euren espazio propioa izango dute, gainera, Azokan.

Durangoko Azokan diziplina desberdinetako 250 kultur ekitaldi izango direla azaldu du Gerediagako presidenteak: "Inoizko egitarau oparoena izango dugu bost egunetan". Mujikak zehaztu du, 750.000 euroko aurrekontuagaz antolatu duela Gerediagak Durangoko Azokaren 50. urteurreneko edizio berezia (410.000 euroko diru-laguntza eman dutela erakunde publikoek). Erakunde publikoen konpromezua eta "denon ahalegina" azpimarratu ditu Gerediagako presidenteak.

Zortzi gune, ehunka proposamen 

Iaz bezala, Areto Nagusia izango da Durangoko Azokako gogoetarako espazioa. Euskal kulturaren etorkizunari begiratzeko, mahai-inguruak eta solasaldiak egingo dituzte, kultur eragileekin eta industriako kideekin, Gerediagak eta Jakin-ek antolatuta. Andoni Egaña, Itxaro Borda, Ruper Ordorika, edo Jose Mari Agirretxe Porrotx gonbidatu dituzte, gogoeta-gune horretara.

Azken urteetan bezala, San Agustin kulturgunea Szenatokia Gunea bilakatuko da Azokako egunetan. Eñaut Gantxegi ordezkariak aurreratu duenez, zirkuak protagonismo handia izango du, aurten, Szenatokian, eta besteak beste, gazteek zirkuko teknikak ikasteko aukera izango dute. Antzerkiari buruzko mahai-inguruak izango dira, eta nola ez, antzerkizaleei zuzenduriko emanaldiak ere bai.

Familientzako proposamen zabalagaz zabalduko ditu, aurten ere, Berbaro Elkarteak, Sagunganbara Gunearen ateak: 16 tailer eta 15 ipuin kontalaritza saio izango dira gune horretan, Itsaso Gangoitia arduradunak azaldu duenez.

Zugaza zineman egongo da, bestalde, euskal zinemagintzari dedikaturiko Irudienea Gunea. Topagunearen eskutik, egitarau zabala egongo da aukeran: Amama eta Pikadero filmak, eta Goenkaleren azken hiru kapituluak emango dituzte, solasaldiak izango dira zinegileekin, eta Kameratoia film laburren lehiaketa ere bertan burutuko da.

Disko eta liburu berrien aurkezpenentzako guneak, Ahotseneak, inoizko eskaintza zabalena hartuko du aurten: 125 aurkezpen izango dira Durangoko Azokako egunetan, Ahotsenean. Lutxo Egia gunearen ordezkariak aurreratu duenez, aurten, lehenengoz, irakurketa saio dramatizatuak ere egingo dira Ahotsenean.

Ahotseneakoen osagarri, bisitari eta sortzaileen elkargune izateaz gainera, Durangoko Azokako kontzertu handien kokagune ere izango da Plateruena kafe antzokia. Erika Urangak aurreratu du, Iheskide, Korrontzi, Olatz Zugazti edota Esne Beltza igaroko direla, abenduaren 4tik 8ra, Platerueneko oholtzatik. Bide Huts Gauagaz. Anari, Audience, Nire, Joseba Irazoki eta lagunak, eta Jupiter Jon taldeen emanaldiagaz hasiko da Platerueneko Durangoko Azokako eskaintza.

Kokagunean berritasunagaz dator aurten Kabia, Digitalen Plaza: Gorka Julio ordezkariak azaldu du, "domo geodesiko baten barruan" egongo dela euren gunea, "kupula itxurako espazio batean". Euskara eta teknologia ardatz hartuta, askotariko hitzorduak hartuko ditu kokagune berezi horrek.

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokaren inguruko emisio jarraitua egingo du Azoka Telebistak, eta webgunetik ikusteko aukera eskainiko dute, Goiena, EITB, Hamaika, Kanaldude, Tokikom eta Berriaren elkarlanari esker.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!