Poloniako editoreak gonbidatu dituzte 50. Durangoko Azokara

Anboto 2015ko aza. 12a, 17:00

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik etorriko dira poloniarrak Azokara. Iaz bezala, editore atzerritarren eta euskal idazleen arteko topaketak antolatuko dituzte, eta Azoka barrutik erakutsiko diete bisitariei.

Iaz Erresuma Batuko editoreak gonbidatu zituen Etxepare Euskal Institutuak, Durangoko Azoka eta euskal idazle eta editoreak bertatik bertara ezagutzera. Euskara eta euskal kultura munduan zehar zabaltzea da erakunde horren xedea, eta iazko esperientzia aberasgarria errepikatu guran, abenduaren 4tik 8ra egingo den Durangoko 50. Azokara Poloniako editoreak eta literatura eta musika adituak gonbidatu dituzte. Izan ere, Etxepare Institutuak azpimarratu duenez, 2016. urtean Donostia eta Poloniako Wroclaw izango dira Europako Kultur Hiriburuak, eta herrialde bien arteko harremanean sakontzea gura dute.

Hiru liburu euskaratik ingelesera itzultzea ekarri zuen Etxepare Institutuaren gonbidapenak, iaz: Parthian Books argitaletxeak Karmele Jaioren Amaren eskuak eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuen itzulpenak kaleratuko ditu 2016ko udan, eta Archipielago Books argitaletxearen eskutik, laster izango da kalean Arkaitz Canoren Twist ingelesez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!