Pablo Trenor argazkilariaren erakusketa zabalduta, hasi da V. Begira Photo jaialdia

Anboto 2015ko aza. 10a, 13:53

Gaurtik hilaren 29ra arte Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai izango den Dena da iturri argazki erakusketagaz hasi da, Begira Photo jaialdiaren V. edizioa. Pablo Trenor argazkilariak, Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkeztu dute argazki jaialdiaren aurtengo edizioa.

Argazkigintza garaikidea sustatu eta hedatzeko helburuagaz, eta gaur egun bizi duen egoera aztertzeko xedeagaz antolatu dute Begira Photo jaialdiaren bosgarren edizioa. Hain zuzen, "argazkigintzaren inguruan pentsatzea eta eztabaidatzea" proposatu gura dute, azaroaren 10etik 29ra egingo duten jaialdian. Leo Simoes egitasmoaren bultzatzaileak azpimarratu du, bost berbaldi eta hiru mahai-inguru antolatu dituztela helburu horregaz. Durangoko Arte eta Historia Museoan, asteburu honetan, izango dira argazkigintzaren inguruko solasaldi horiek. Simoesek gaurko aurkezpenean azaldu duenez, "eztabaidarako eta gogoetarako foro egonkor bat sortzeko aukera emango duelakoan" erabaki dute aurten jaialdiko berbaldi eta mahai-inguruak asteburu batean kontzentratzea.

Besteak beste, argazkigintzaren narratiba, materialtasuna, objetibotasuna eta orijinaltasuna moduko gaiak hartuko dituzte Euskal Herriko zein atzerriko profesional eta adituek, Begira Photoren asteburuko hitzorduetan. Javier Vallhonrat, Moritz Neumüller, Mira Bernabeu, Nicolás Combarro, edota Eric Mira argazkilariak gonbidatu dituzte, esaterako, euren ikuspuntuak argazkizaleekin partekatzera.

Durangoko Museoan bere lana ikusgai ipini duen Pablo Trenor argazkilariak parte hartu jaialdiaren gaurko aurkezpenean. Dena da iturri bere erakusketari buruz esan du, aita izatearen esperientziatik sorturikoa dela: "Nire argazkigintzan iraganari eta memoriari lotuta jardun izan naiz lehenago, eta aita izateak eragin dit orainari, eta egunerokotasuneko gauza txikiei gehiago begiratzea". Argazkiak eta bideo lan bat ipini ditu Trenorrek Durangoko Museoko erakusketa areto txikian.

Merkatu plaza eta Plateruena ere hartuko ditu, gaurtik aurrera, argazkigintza garaikideak, Begira Photo jaialdiari esker: Jon Gorospe argazkilari gasteiztarrak Leihoen abiadura bilduma ipini du Plateruenean, bidaiei eta lekuei erreferentzia eginez. Rous Boisier eta Leo Simoesen Gara proiektua, berriz, Merkatu plazan egongo da azaroaren 29ra arte ikusgai. Simoesen berbetan, "Merkatura erosketak egitera doanak argazkigintza bertan topatzea", ere bada-eta jaialdia ezagutzera emateko modua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!